‘Erotik’ antzezlana aurkeztuko du Taupadak Herriko Antzokian

elgoibarren.net 2013ko abe. 20a, 12:02

Taupada antzerki taldeak Erotik antzezlana estreinatuko du gaur, Herriko Antzokian. Antzezlana psikiatriko batean girotu dute, eta han ezer ez da dirudiena. 22:00etan hasiko da emanaldia, eta ehun minutuko iraupena izango du. Sarrerak lehiatilan bertan erosteko aukera egongo da, 7 euroan.


  Antzezlan berria estreinatuko du Elgoibarko Taupada Antzerki Taldeak gaur (abenduak 20), Herriko Antzokian. Erakargarria eta zirrara eragiten duen antzezlana dela Erotik azaldu dute Taupadako alma mater Edurne Lasak eta Jose Mari Larrañagak. Ehun minutuko iraupena duen antzezlana sortu dute oraingoan, eta toki itxi eta “kezkagarri” batean lekutu dute, psikiatriko batean, hain zuzen ere. Han, deus ez da dirudiena. “Gure protagonistek misterio, intriga eta abentura zoroak biziko dituzte, nahiz eta beraien nahia maitasuna lortzea besterik izan ez. Ezertxo ere ez da dirudiena; errealitateak, fikzioak, umoreak, absurdoak eta esperpentoak pertsonaien portaera logikoarekin talka egiten dutenean sortzen baita antzez-jokoa”.

Taupada Antzerki Taldea 1977an sortu zuten euskara eta kultura bultzatzeko helburuarekin. Ordutik hona makina bat antzerki ekoitzi eta antzeztu dituzte. Erotik izango da sortu duten formatu handiko 23. antzezlana.