Hausnartu Euskal Soziolinguistika Sarien seigarren edizioa izan da aurtengoa eta joan den abenduaren 20an buruturiko epai-mahaiaren bileran erabaki zituzten sariak, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Guztira 3.200 euro banatu dira saritan. Sari-banaketa publikoari zabalik izango den ekitaldian egingo da. Ekitaldi horren data eta lekua datozen egunetan zehaztuko da.
Aurtengo sariak honako egile eta lanei ematea erabaki du epaimahaiak: (aurreko edizoetako irabazleak)
- Saria, 1.500 euro: "Lantokietako ahozko erabileraren neurketak. Interpretaziorako hainbat gako". EMUN Koop. E. (Haritz Goikoetxea).
- Saria 1.000 euro: "Ingurune euskalduneko gazteak eta hizkuntza idatzia, eskolan eta eskolatik kanpo". Garbiñe Bereziartuak eginikoa. DREAM Taldea, EHU.
- Saria, 700 euro: "Sormen-ekosistema bat euskarazko komunikazioarentzat". Goio Arana, Eneko Bidegain, Txema Egaña, Aitor Zuberogoitia. HUHEZI.
Haritz Goikoetxeak ahozko neurketen gaineko ponentzia aurkeztu zuen joan den urteko urrian IMHko 30+10 mintegian. Lantegietan ahozkoa neurtzeko, interpretatzeko eta erabileran eragiteko gako batzuk eman zituen, orain Hausnartu saria irabazteko balio izan dion gaia, hain justu ere. Hona hemen, Haritz Goikoetxeak eginiko aurkezpenaz IMHkoek eginiko laburpena. (Hemen: Aurkezpena osorik PDFan)
Ahozko erabilera enpresetan: nola neurtu, interpretatu eta eragin.
1) Nola neurtu?
- Lehendik sortutako metodologia lan mundura egokitu besterik ez du egin EMUN-ek
- Aurrena enpresa guneka banatzen da, neurtzaileak izendatu eta prestatu, neurtzeko egunak eta ordutegiak zehaztu eta azkenik elkarrizketa kopurua kalkulatu. Neurketak isilpekoak behar dute izan, inork ez du jakin behar neurtzen ari dela norbait. Neurkerta fitxa estandarra sortuta dute eta berau betetzea da hurrengo pausoa. Azkenik datuak prozesatu egin behar dira.
- Adb: euskaldunak %77 diren enpresa batean euskarazko elkarrizketak %34koak izan badira datu onak al dira horiek? Horretarako beste enpresetako lagina hartu eta grafiko batera pasatzen dituzte. Batez bestekoa atera eta hortik gora edota behera dagoen izango da interpretatzeko balioko duena. Datu baxua dela aintzat hartuta zer egin eragiteko? 1.- Euskaldun kopurua kontutan hartuta zer egin hurrengo urtean erabilera datuek gora egiteko? Formazioa, kontratazio irizpideak zehaztu… 2.- Euskaldunen trinkotzea: euskaldunak gehiago dira baina elkarrizketa guztietan dago erdaldunen bat. Bazkaltegia, kafea euskaraz, afariak, irteerak, arnasguneak… guztiak ere euskaldunak euskaldunekin gehiagotan elkartzeko helburuarekin eginda. 3.- Euskaldunen leialtasuna: euskaldunen artean ere gaztelaniaz hitz egiten da. motibazio ekintzak, konpromiso kanpainak, jolasak, kartelak, kanpainak… 4.- Euskaldunen hiperleialtasuna: euskaldunak eta ez euskaldunak elkarrekin egonda ere euskaraz egitea. TELP tailerrak, hausnarketa saioak, euskaldun eragileen sareak… 5.- Bikotekako elkarrizketa kopurua: kide gutxiz osatutako elkarrizketak. Talde handietan zailagoa da guztiak euskaldunak izatea. Beraz, helburua talde txikiagoak sortzea izango litzateke.
- Etxeko-lanak ere ipini ditu Haritzek: Kaleko erabilera datuak baxuagoak Elgoibarko enpresa batean kalean baino. Zergatik? Aurreko faktoreak aintzat hartuta zein da erantzuna?