Ayad Lamdassem (Sidi Ifni, Maroko, 1981) sasoiko iritsiko da Elgoibarrera. Espainiar nazionalitatea duen atletak hirugarren postuan sailkatzea lortu zuen joan den astean Amorebietako krosean, eta bigarren egin zuen Vallekaseko San Silvestreko lasterketa entsutetsuan, Leonard Patrick Komon atleta keniarraren atzetik, hain justu ere.
Era berean, Alemitu Haroye etiopiar gaztea ere Mintxetan izango dela jakinarazi dute Mintxeta Atletismo taldeko arduradunek. 1995ean jaiotako atletak emakumezkoen lasterketa nagusian parte hartuko du. Iaz, Polonian jokatu zen Munduko Kros Txapelketan hirugarren postua eskuratu zuen Haroyek, junior mailako proban. Gaur egun 25. postuan sailkatuta dago atletarik onenen munduko rankinean. Elgoibarkoa izango du nazioartean korrika egiten duen lehenengoetariko lasterketa.
Estela Navascues Espainiako maratoi txapelduna 2013an ere Elgoibarren izango da.
•Antonio Serrano, kartelean eta Mintxetan
Atletekin batera, Antonio Serrano atleta ohiak ere badu zeresanik aurtengo krosean. 25 urte pasatu dira Mugertza krosa irabazi zenuenetik {beheragoko argazkietan} eta antolatzaileek berari eskaini diote aurtengo krosaren kartela. Ciudad Realeko antxitxikariak zazpi bat aldiz hartu zuen parte Mugertza krosean eta 99an laga zion goi mailan lehiatzeari. Orain entrenatzaile gisa etortzen da, eta oso gutxitan egin du kale, Elgoibarko krosa izugarri gustatzen baitzaio BARRENi eskaini dion elkarrizketan argitu duenez. Domekan entrenatzen dituen korrikalariei babesa ematera etorriko da: Diana Martin, Iris Fuentes Pila, Alessandra Aguilar, Javier Guerra eta Antonio Nuñez.