Saharako errefuxiatuentzako janaria biltzeko kanpaina abian da

elgoibarren.net 2014ko urt. 14a, 11:04

 
Mendebaldeko Saharako errefuxiatuei laguntzeko janari-bilketa hasi du Euskal Herriko Otsailak 27 elkarteak. Arroza, pasta, lekaleak, azukrea, hegaluzea zein sardinak oliotan eta konpresak behar dituzte. Elgoibarren, Eroski {B. Ezenarro eta Santa Ana) eta BM supermerkatuetan jasoko dituzte eskatutako produktuak, hil bukaera arte.

 


 Sahararen aldeko Euskal Karabana abiatu dute Euskal Herrian, hamargarren urtez. Piztu itxaropena izena jarri diote kanpainari, eta Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatuek elikagaietan dituzten premiak asetzea da helburua. Bi modu daude Saharako errefuxiatuei laguntzeko. Batetik, janari bilketan parte hartuz, eta, bestetik, diruz lagundu nahi dutenentzat honako kontua zabaldu dute Euskadiko kutxan: 3035 0080 94 0800054177. Informazio gehiagorako: 619 02 9648.

Kanpotik datorren laguntza, ezinbestekoa
 Euskal Herriko otsailak 27 elkarteak jakitera eman duenez, errefuxiatuen kokalekua eta eremu haren egoera berezia dela-eta, saharar errefuxiatuek Tindoufeko (Aljeria) kanpamenduetan bizirik irauteko ezinbestekoa da kanpotik datorren laguntza. Elikadurari dagokionez, 1975etik hona nazioarteko zenbait erakunde arduratu dira errefuxiatuei janaria helarazten, hala nola lekaleak, irina, esne-hautsa, kontserbak, etab.; erakunde hauen artean ACNUR, Europar Batasuna, ECHO eta PMA nabarmentzen dira. "Hala ere, inguruabar ezberdinak direla eta, janari hauek ez dira beti kanpamenduetara nahi adina ez nahiko genukeen erregulartasunaz heltzen. Ondorioz atzerapen handiak eta eskasia egoerak ematen dira. Saharar errefuxiatuek elikadura aldetik segurtasunik ez izateak ondorio latzak dakartza herritarren bizitza-kalitatean, osasunari dagokionean batez ere; desnutrizioak eragindako patologiak nagusitzen dira eta beste gaixotasun batzuei aurre egiteko gaitasuna murrizten da. Ildo horretan, janarien ekarpena osatu nahi da egitarau honen bidez, eta horretarako, premiazko janariak bidaliko zaizkie Tindoufen bizi diren saharar errefuxiatuei". Era berean, Saharar Emakumeen Batasun Nazionalak emakumeentzako oinarrizko eta ezinbesteko garbitasun gaia denez konpresen beharra berretsi du.
 Helburu hauek betetzeko asmoz, Euskal Herriko herrietan janariak {arroza, pasta, azukrea, lekaleak, hegaluzea eta sardinak oliotan} eta garbitasun gaiak {konpresak} biltzeko kanpaina jarri dute abian; eta guztia karabanan garraiatzeko bigarren eskuko kamioiak erosiko dituzte.