Baserriz baserri santa eskean irteteko deia egin du Elgoibarko Izarrak, hogeigarren aldiz

elgoibarren.net 2014ko urt. 14a, 17:53

 
Duela hogei urte berreskuratutako ohitura zaharrari eutsiz, otsailaren 4an irtengo dira Elgoibarko Izarrakoak baserriz baserri santa eskean. Koruetan parte hartu nahi duenak urtarrilaren 28rako eman beharko du izena. (bideoa dauka)



  Santa Agenda bezperan (otsailak 4, asteartea) irtengo dira Elgoibarko Izarrako koruak Elgoibarko baserri auzoetara koplak kantatzera. 1994an berreskuratu zuen Elgoibarko Izarrak Santa Ageda bezperan baserrietara joateko ohitura zaharra. Hortaz, 20. urteurrena izango da aurtengoa.
  14:30ean batuko dira Kalegoen plazan, eta bi taldetan banatuta joango dira Idotorbe, Aiastia, Urruzuno eta Sallobenteko baserri-auzoetako etxeetara koplak kantatzera. Eguna amaitzeko, Aiastiako soziedadian afalduko dute.
Koruetan parte hartzeko
  Koruetan parte hartu nahi duenak urtarrilaren 28rako eman beharko du izena 943 741 626 telefonora deituta (Imanolengatik galdetu) edo elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.com helbidera idatzita. Elgoibarko Izarrak Ubitarte 4an daukan lokalera joanda ere eman daiteke izena.
•BIDEOA: 2013ko Santa Eskea Elgoibarren: