634 errepidetik igarotzen diren gidarien segurtasuna bermatzeko neurriak hartu zituen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak. Konoak erabiliz bideratu zuten trafikoa, baserri azpitik urrunduz. Elgoibarko Udala baserriko jabeekin harremanetan jarri da eta neurriak hartzeko eskatu die. Etxejabeek eraikina eraistea erabaki dutela jakinarazi du Hirigintza zinegotzi Rikardo Garatek. “Gaur edo bihar, beranduenez, botako dute etxea”, gaineratu du.
Lerun baserria Aiastiako lurretan dago, Deba ibaiaren eta 634 errepidearen bestaldean dagoen Lerun industrialdearen parean. Gaur egun ez zen inor bizi bertan. Hiru baserri zeuden inguru honetan: Lerun Txiki, Lerun Nagusia eta Lerun. Duela gutxi eraitsi zituzten lehen biak eta hirugarrenak ere patu bera izango du.