San Anton jaietan antzerkia eta musika izango dira nagusi

elgoibarren.net 2014ko urt. 16a, 15:43

San Anton Eguna ospatuko dute barixakuan (urtarrilak 17) elgoibartarrek, eta horren harira, kultur eskaintza oparoa antolatu du Udalak astebururako. Antzerkia eta musika izango dira nagusi: Txalo produkzioak Hiru antzezlana taularatuko du bihar Herriko Antzokian, 20:30etik aurrera. Loli Astoreka, Miren Gojenola eta Ana Elordirekin batera, Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarrak hartuko du parte antzezlanean. Emudafek antolatuta, bestalde, Crumb harizko laukoteak kontzertua eskainiko du zapatuan Herriko Antzokian.


Zuhaitz Gurrutxagaren aurpegi bat gehiago
  Zuhaitz Gurrutxaga berriro igoko da Herriko Antzokiko oholtzara. Iaz Confidencias de un futbolisto bakarrizketa aurkeztu zuen aiastiarrak, eta oraingoan, Hiru antzezlanaren barruan egingo du agerraldia, Loli Astoreka, Miren Gojenola eta Ana Elordi aktoreekin batera. Txaro, Mertxe eta Angela oso lagun onak ziren ikasketa garaian, baina ikasteari utzi ziotenetik ez dute elkar ikusi. Bakoitzak bere bideari jarraitu dio, baina orain, 50 urte betetzear dauden honetan, bat egingo dute berriro. Eta konturatuko dira hiruretako batek ere ez duela ama izatearen ametsa bete. Beranduegi izango da beharbada... edo ez? Gizon bat aurkitu eta espermatozoideak eskatuko dizkiote. San Anton egunean izango da antzerkia, 20:30etik aurrera, Herriko Antzokian. Sarrerak www.kutxa.net helbidean erosi daitezke aurrez, eta soberan geratzen badira, egunean bertan jarriko dituzte salgai, Herriko Antzokiko leihatilan.

Crumb harizko laukotearen kontzertua

Crumb harizko laukotea.

Domekan, bestalde, umeentzako Alabatxo antzezlana ekarriko du Tartean antzerki taldeak. 16:30ean hasiko da ikuskizuna Herriko Antzokian. Emudafek (Elgoibarko Musika eta Dantza Federakuntza) antolatuta, bestalde, San Anton jaietako musika emanaldia izango da zapatuan Herriko Antzokian, 12:30etik aurrera. Crumb harizko laukoteak eskainiko du kontzertua. Antonio Viñuales eta Jorge Llamas biolinistek, Abel Gonzalez biola jotzaileak eta Salvador Bolon biolontxelistak 2012an sortu zuten Crumb taldea Musikenen, Andoni Merceroren babespean. Hainbat kontzertu eman dituzte Euskal Herrian eta Donostiako Musika Hamabostaldiko Interprete Gazteen Zikloan parte hartu zuten 2013an.

Alde zaharra ezagutzeko bisita gidatua Pello Arrietarekin

Pello Arrieta 2013ko Mintza Egunean eskaini zuen bisita gidatuan.

Barixakuan etxeko txikientzat haur parkea jarriko dute Kalegoen plazan (11:30-14:00/16:30-19:30. Euria bada, Ikastolan), eta 17:00etatik aurrera erraldoi eta buruhandien kalejira izango da. Barixaku gauean, berriz, San Antonetako pilota jaialdia jokatuko dute Ikastolako frontoian, 22:15etik aurrera. Zapatuan, bestalde, Elgoibarko alde zaharra ezagutzeko bisita gidatua eskainiko du Pello Arrieta historialariak, 11:30etik aurrera. Horrez gain, zigilu erakusketa martxan da dagoeneko, eta domekara arte egongo da.