Luis Arrieta Elgoibarko alkate izandakoa hil da

elgoibarren.net 2014ko urt. 21a, 18:41

 
Lau urtez jardun zuen alkate lanetan Luis Arrietak, 1979tik 1983 artean. 84 urte zituen. Udaletxeko balkoian Elgoibarko bandera jarri du Udalak, haga erdian eta dolu xingola beltzarekin. Gaur eta bihar egongo da bertan esekita, Arrietaren ohorez.

 

Luis Arrieta Barrenetxea hil da gaur (urtarrilak 21), 84 urte zituela. Legegintzaldi oso batean, 1979tik 1983ra Elgoibarko alkate izan zen. Francisco Franco Espainiako diktadorea hil ondorengo lehenengo udal hauteskundeetan eskuratu zuen alkatetza, EAJ alderditik. (Ikusi hemen 1979ko udal hauteskundeetako Elgoibarko emaitzak)

Elgoibarko bandera, haga erdian eta xingola beltzarekin, udaletxeko balkoian.

Politikaz gainera, enpresa munduan garrantzi handiko gizona izan zen Arrieta Elgoibarren, kooperatibismoan bereziki. Eguzki lantegiko sortzaileetariko bat izan zen. Garrantzi handiko tailerra izan da Eguzki Elgoibarren, kooperatibismora batu zen aurrenekotarikoa. 1954an Danobat kooperatiba sortu eta bi urtera sortu zuten Eguzki (Construcciones Mecanicas Eguzki), Estarta y Ecenarrotik eta Danobatetik zetozen hainbat langilek, tartean Luis Arrietak. Artezteko makinak egiten zituzten eta tornuak egiten espezializatu ziren. Handik lau urtera, 1961ean, Gaztetxea dagoen lekura aldatu zuten lekuz tailerra. 1969an, berriz, artezteko makinak egiten zituzten beste bi enpresekin fusionatu zen, Danobat eta Acme-Deba enpresekin, hain justu ere. Bateratze horren emaitza izan zen Danobat S. Coop, gaur egungo DanobatGroupen aurrekaria. Iaz, lantegiko sortzaileak eta han lanean jardundako beharginetako batzuek batu ziren garai bateko kontuak berriz gogora ekartzeko.