Zirardamendin deshobiratutako bi gudari identifikatu ditu Aranzadik

elgoibarren.net 2014ko urt. 27a, 15:44

 
Sabin Atutxa Olabarri eta Eusebio Gaubeka Gibelondo dira 1936ko irailaren 25ean Zirardamendin hil zituzten gudarietako bi. Aranzadi Zientzia Elkarteak, 2012ko ekainean lur azalera atera zituzten lau gorpuzkinetako bi identifikatzea lortu du. Arana Goiri batailoiko Garaizabal konpainiako kideak ziren. (txostena dauka)

 

  Inguruko baserrietako jendeak, eta, bereziki, Bitorio Agotek eta Felix Etxeberriak emandako lekukotzei esker, 1936ko gerran Frankoren kontra jardun zuten lau gudariren gorpuzkinak atera zituzten lur azalera 2012ko ekainaren 16an, Zirardamendin, Elgoibar eta Markina arteko mugan. Era horretan, duintasuna itzuli zieten gerra hartan askatasunaren alde bizia eman zutenei eta haien senideei. Orain, duintasuna berreskuratzeko asmo horretan pauso bat gehiago emanez, deshobiratutako gorpuzkin haietako bi identifikatu dituela jakinarazi du Aranzadi Zientzia Elkarteak.
 1936ko irailaren 24an, hainbat gudari irten ziren Bilbotik Eibarrerantz. Bizkaitarrak ziren guztiak; Abando, Barakaldo, Bilbo, Begoña eta Deustuko Batzokietan erreklutatutako 150 bat gazte. Haietako zenbait, tartean Garaizabal eta Zubiaur konpainiakoak, Etxebarritik Urkaregira igo ziren, eta Urkaregitik Aiastia aldera etorri ziren gero, posizioak hartzera. 1936ko irailaren 25ean, baina, eraso gogorra izan zen Zirardamendiko pagadian. Altzola aldetik igotako reketeek ezustean harrapatu zituzten gudari gazteak Zirardamendin, eta hantxe gelditu ziren betiko hainbat gudari. Irailaren 25ean 13 gudari hil zituzten, baina aurrez eta ondoren ere hil zituzten gudari gehiago. Ingurua kolpisten esku geratu zenez, ezin izan zituzten berreskuratu Zirardamendiko borroketan bizia galdu zuten gudarien gorpuzkinak. Mendian sakananatuta geratu ziren, eta handik egun batzuetara gorpuzkinak batzera eta hobi komunetan lur ematera beharko zituzten auzokoak, tartean Zirarda baserriko Jose Inazio Agote {Bitorio Agoteren aita}. Hain zuzen ere, hobi komun horietako bat deshobiratu zuten 1982an. Paulino Beraza Madariaga, Felipe Elorriaga Larrea, Blas Larrazabal Inunciaga, Juan Zabala Loza, Ambrosio Etxebarria Uriarte eta Jose Chinchurreta Zamacona gudarien gorpuzkinak deshobiratu zituzten senideek eta Derioko hilerrian hobiratu zituzten gero.
Sabin Atutxa eta Eusebio Gaubeka, 20 urteko bi gudari

1706637025560 Zirardamendin deshobiratutako bi gudari identifikatu ditu Aranzadik

Hogeita hamar urte pasa behar izan ziren bigarren deshobiratze bat egiteko. Aranzadi Zientzia Elkarteak, Elgoibar 1936 taldeak eta Markinaldeko Ahaztuen Oroiemena Elkarteak sustatuta 2012. urteko ekainean lau gudariren gorpuzkinak aurkitu eta deshobiratu zituzten Zirardamendin. Horietako bi identifikatu dituzte orain, Sabin Atutxa Olabarri eta Eusebio Gaubeka Gibelondo, hain zuzen ere. Atutxak 20 urte zituen eta Getxon bizi zen Bilbon sortua bazen ere. Gaubeka leioarrak ere 20 urte zituen. Biak ziren ezkondu gabeak.
Haginetako DNA, identifikazioetarako giltza
 Aurkitu zituzten gorpuzkinak oso egoera txarrean bazeuden ere, haginetako DNA (azido desoxirribonukleiko) lagin bat hartzeko aukera izan zutela argitu du Aranzadiko Jimi Jimenez Sanchezek. Bizirik dauden senideen DNArekin parekatu ostean, odoleko ahaidetasuna dutela ondorioztatu dute. Ikusi Aranzadikoek eginiko txostena PDFan.

Bideoa

Lotura duten albisteak: