San Markoseko eta Debabarrenako mankomunitateetako presidenteek, Denis Itxasok eta Arcadio Benitezek, beren presidenteorde Mikel Pagolarekin eta Ricardo Garate elgoibartarrarekin batera, aditzera eman dute ordezkatzen dituzten mankomunitateak ezin direla ezer egin gabe geratu Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integralean (PIGRUG) aurreikusitako azpiegiturak eraikitzeko herritarrek ordaintzen duten dirua “kalte-ordainak emanez xahutu dela ikusita, betiere ordezko azpiegitura bakar bat ere martxan jarri gabe eta hondakinen arazoa Gipuzkoan kolapsoa eragiteko zorian dagoenean”. Bi mankomunitateetako presidenteen arabera, 13 milioi euroko kalte ordainak ordaindu dizkiete enpresei. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak azaroan azaldu zuenez, zortzi milioi euroren truke moztu zuten exekuzio kontratua. Erabaki horiek Gipuzkoako "interes orokorren aurka" hartu zirela salatu du San Markoseko mankomunitateko presidente Denis Itxasok.
Benitez eta Itxasoren esanetan, deskribatutako egoera are larriagoa da kontuan izanik Zubietako azpiegituren esleipendunei 13 milioiak ordaintzeko erabakia GHK-ko teknikarien txosten tekniko, ekonomiko eta juridikoetan bildutako irizpideen kontra eta EAEko Batzorde Juridiko Aholku Emailearen (COJUA) aurrean aurkeztutako kontratuen deuseztasun demanda kenduta hartu dela, “garbi zutelako emaitza ez zela beren interesen aldekoa izango". San Markoseko mankomunitateko presidenteak, bestalde, gaineratu du GHK-k "entzungor" egin diola Gipuzkoako Batzar Nagusietan adierazitako borondateari: "PRGRUG plana garatzen duen Foru arauari eta horren aurrerapen-agiriari".
Debabarrenako eta San Markosko presidenteek nabarmendu dutenez, epaitegien erantzuna legealdi hau pasatu eta gero iritsi daiteke. Epaitegiek bi mankomunitateei arrazoia emango balie, Itxasok uste du errauste planta egiteko kontratua berriro martxan legokeela.
•Bruselak erabakia ikertuko du