Lapurreta egin dute Sallobenteko ermitan

elgoibarren.net 2014ko urt. 29a, 12:02

Astelehen goizaldean sartu ziren lapurrak Sallobenteko baselizan. Dena hankaz gora laga bazuten ere, ostu zutena ez zela asko izan jakinarazi du Udaltzaingoak. Aspiradora bat, izara bat eta bost bat euro faltan igarri dituzte baseliza zaintzeaz arduratzen diren lagunek.


 Sakristiako atetik sartzen saiatu ziren lapurrak, baina haren ondoan dagoen ate batetik lortu zuten Sallobenteko ermita barrura sartzea, atea txikitu eta gero {goiko argazkian}. Behin barruan, dena hankaz gora jarri zutela azaldu du Hirigintza Zinegotzi Rikardo Garatek, “Sakristiako armairuak irekita, paper guztiak lurrean botata, kaliza gordetzen den kutxa indarrez irekia eta limosnak jasotzeko diru-kutxa ere irekita aurkitu zituzten martitzenean”. Elgoibarko Udalak Ertzaintzari parte eman eta haiek arduratu ziren atestatua egiteaz.

 Sallobenteko baseliza edi arokoa da. Aldarearen erdian San Lorenzo patroia ageri da, bere eskuinetara San Isidro dago eta Sortze Garbia ezkerretara. Azken honek idatzirik ondorengo kondaira hau dauka: “Otzaila 1723 garen urtian ondi onetan jarria”. 1989 urtean, berritze lan batzuk egiten ari zirela, margo garrantzitsuak aurkitu zituzten hormetako pinturaren azpian. Pintura horiek neoklasikoak errenazimendu garaikoak eta gotikoak dira.
•Argazkiak:

Ermitaren atzeko aldeko sarreratik sartu ziren lapurrak.

Sarrera nagusiko limosnak jasotzeko kutxa, behartuta.

Kalizaren kopa gordetzeko kutxa indarrez irekia.

Limosnak jasotzeko kutxaren kandadua ebaki zuten.

 
Lotura duten albisteak: