Hirukide familia ugarien elkarteak hitzaldia eskainiko du otsailaren 6an

elgoibarren.net 2014ko urt. 29a, 16:19

Hirukide Euskadiko Kide Ugariko Familien Elkarteen Federazioko ordezkariek Elgoibarrera egingo dute bisita otsailaren 6an. Batetik, elkartean egiten duten “lana ezagutzera emateko asmoz” etorriko dira eta, bestetik, Elgoibarko eta inguruetako familia ugarien beharrak, bertatik bertara, ezagutzera.



 Hirukide Gobernuz Kanpoko Erakundeko zuzendari Natalia Diez-Caballerok azaldu duenez, Euskadiko hainbat herritara joatea erabaki dute, “familia ugarietako kideak aurrez aurre ezagutu eta dituzten behar nagusiak zein diren jakiteko asmoz”. Gure inguruko familia ugarien errealitatea ezagutzeaz gainera, Hirukidek eskaintzen dituen zerbitzuak eta antolatzen dituen ekintzen berri emango diete familiei. “Badakigu garai zailak direla hainbat familiarentzat, eta lehen eskutik ezagutu nahi ditugu horien beharrizanak”, adierazi du.

Otsailaren 6an, Elgoibarko Kultur Etxean
 Gipuzkoako estreinako aurkezpena Azpeitian egin ostean, Elgoibarrera otsailaren 6an, eguena, etorriko dira. Kultur Etxean izango da aurkezpen bilera, 18:30etik 20:00etara. Elgoibar eta inguruko herrietako familia ugariei zuzendutako deialdia dela zehaztu du Caballerok. Kide ugariko familiak dira hiru seme-alaba edo gehiago (edo bi, bietatiko bat elbarritua bada) dauzkatenak, eta Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian 21.000 familia inguru dira.

Herriko merkatariekin eta Udal ordezkariekin batzarrak
 Herriko familia ugarien beharrak-eta ezagututakoan, herriko merkatariekin elkartzeko asmoa dute, "familia ugariei laguntzak emateko". Hainbat sektoretan (elikadura, telekomunikazioak, automobila, osasuna, hezkuntza, aisialdia,…) abantailazko hitzarmenak sinatu ditu Hirukidek 400dik gora enpresarekin. Aliantza horiek Hirukideko bazkideek baliatu ditzaketen beherapenen bidez gauzatzen dira.
Era berean, Udaleko arduradunekin batzeko asmoa ere badutela iragarri du Hirukideko zuzendariak. “Zenbait proposamen aurkeztuko dizkiegu eta Udalentzako prestatu dugun dekalogoa aurkeztuko diegu. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian ehun Udal baino gehiago kide ugariko familien errealitateaz kontzientziatu dira, eta honek Udal Zerga, Tasa eta Prezio Publikoetan hobariak ekarri ditu”.

6.800 bazkide ditu Hirukidek
 Hirukide 1999an sortu zen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako elkarteak (Ausarki, Lasterbide eta Liluraldi elkarteak, hurrenez hurren) batzearen ondorioz, eta helburutzat dauka kolektibo honen eskubideak defendatzea politika, instituzio, gizarte, komunikabide, enpresa eta bizitzaren arlo guztietan. Egun Gasteizen egoitza daukan Federazioak 6.800 bazkide (familia), hots, 35.800 lagun inguru ditu.