Makila esku batean eta aterkia bestean ibili ziren santa eskean zapatuan

elgoibarren.net 2014ko ots. 3a, 16:57

Hotz hila jarri zioten izena gure aurrekoek urteko bigarren hilabeteari, eta, izenari ohore eginez eguraldi txarra ugari izaten da, bai. Joan den zapatuan hotz handiegirik ez, baina euria etengabe egin zuen. Neguko giroari aurre eginez, baina, santa eskean atera ziren Elgoibarren eta Mendaron, ohiturak agindu bezala. Era berean, Elgoibarko Izarrako kideak Santa Ageda bezpera egunean (otsailak 4) irtengo dira baserriz-baserri kopla kantari. Ikastetxeetan ere ospatuko dute Santa Ageda bezpera. (argazkiak dauzak)


1706637020283 Makila esku batean eta aterkia bestean ibili ziren santa eskean zapatuan

Etxegiña taldearekin 75 lagun ibili ziren kantuan Elgoibarko kaleetan. Aterkia esku batean eta makilan bestean, bi taldetan banatuta zeharkatu zituzten herriko kale eta auzoak. San Lazaro zaharren egoitzara ere egin zuten bisitaldia. Errosarioko amabirjinaren aurrean Salbea abestu ostean guztiek elkarrekin bazkaldu zuten Baltasar elkartean.


Mendaron omendutako lagunak, txapelarekin.

Mendaron, berriz, hiru taldetan banatuta irten ziren kantura, eta herriko kale eta baserri guztiak koplatu zituzten, Beñat Lizaso, Gregorio Larrañaga “Mañukorta”, Beñat Ugartetxea, Juanito Loiola, Aitzol Urain “Bidaburu” bertsolariek lagunduta. Amaieran, Aizpe gastronomia elkartean bazkaldu zuten guztiek elkarrekin, eta bazkalostean, omenaldi xumea egin zieten  urteetan santa eskean ibili diren hainbat laguni: Jabier Urbieta "Billale", Juanito Loiola "Lasalde", Isidro Astorkia "Olabaza", Sabin Longarte, Manuel Loiola "Panizo", Bitoriano Loiola "Ospas" eta Iñaki Elortza "Kortabarri".
 Aurten 2.790 euro batu dituzte, eta iaz bezela Ameikutz Musika Eskolari emango diote dirua.

Elgoibarko Izarrakoak martitzenean
 Ohitura zaharrari jarraituz, Elgoibarko Izarrako kideak Santa Ageda bezpera egunean, otsailaren 4an, irtengo dira baserriz-baserri kopla kantari. 14:30ean batuko dira Kalegoen plazan, eta gauera arte jardungo dute kopla kantari.

Santa Ageda ikastetxeetan
 Ikastetxeetan ere ospatuko dute Santa Ageda bezpera, otsailaren 4an. Elgoibar ikastolakoak 15:30ean irtengo dira ikastetxetik eta Kalegoen plazaraino joango dira kantuan (euria egiten badu ikastolan ospatuko dute). Herri Eskolakoek ikastetxean bertan jardungo dute kopla kantuan. Mendaron bestalde, Ospitala, Herriko Enparantza, eta Azpilgoeta koplatuko dituzte. Bukaeran, 12:00etan, Mendarozabalen abestuko dute denek batera, bi urtekoek ezik.
ARGAZKIAK: 2014ko santa eskea.
 
Lotura duten albisteak: