‘Gure esku dago’ ekimenaren sustatzaileek bilera deitu dute otsailaren 10erako

elgoibarren.net 2014ko ots. 6a, 13:54

 
Erabakitzeko eskubidearen alde egiteko sortu dute Gure esku dago ekimena Euskal Herri osoan, eta ekainaren 8rako Euskal Herria zeharkatuko duen giza katea osatu nahi dute. Elgoibarrek ere dinamika horretan parte hartu dezan, astelehenerako (otsailak 10) deitu dute lehen batzar herritarra. 19:00etan izango da, Kultur Etxeko sotoan.



 2013ko ekainean aurkeztu zuten jendaurrean Gure esku dago ekimena, Irungo Ficoban. Euskal Herria nazioa dela esan zuten han, eta erabakitzeko eskubidea euskal herritarrei dagokiela, euskal herritar soilik sentitu, espainiar edo frantziar sentitu, edo munduko beste edozein naziotako kide sentitu. Erabakitzeko eskubidearen alde egiteko asmoz, antolatu dituzten ekimen sorta ere aurkeztu zuten, eta horien artean nabarmentzen dira bi. 2014ko apirilean Euskatalba topaketa egingo dute, Donostian. Eskozia, Katalunia eta Euskal Herriaren arteko topaketa bat izango da, eta hainbat kultur, kirol eta arte jarduera izango dira "milaka herritarrek parte hartu dezaten".
 Bigarren ekitaldi jendetsua 2014ko ekainaren 8an iritsiko da. Gure Esku Dago ekimenak Durango eta Iruñea lotu nahi ditu giza kate batekin. 130 kilometro dira osatu beharrekoak, eta horretarako 50.000 lagun elkartu nahi dituzte.
 Ekimenok aurrera eramateko herri mailan ere "ilusioa eta gogoa" piztu nahi dituzte sustatzaileek, herritarren mugimendu indartsua sortzeko. Asmo horretan, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu honen nondik-norakoak azalduko dituzte Elgoibarren egingo duten batzar herritarrean, datorren astelehenean. Iaz ere egin zuten antzerako batzar bat, ekimena aurkezteko, hain justu ere.
Gure esku dago ekimena azaltzen duen bideoa: