Binakako Aizkora Txapelketako finalerdia jokatuko da domekan, Mendaron

elgoibarren.net 2014ko ots. 11a, 14:08

 
Mendaroko Goñati pilotalekuak hartuko du Eusko Label Binakako Aizkora Txapelketako finalerdia domekan, otsailaren 16an. Urrezko mailako finalerdia izango da Mendarokoa eta goi mailako lau aizkolarik parte hartuko dute, Iñaki Azurmendi eta Unai Otañok batetik; eta, Donato Larretxea eta Felix Etxeberriak bestetik. Herri kirol jaialdia osatzeko, Izeta III eta Inhar Urruzuno harrijasotzaileek erakustaldia eskainiko dute.



 Eusko Label Binakako Aizkora Txapelketako urrezko mailako lehen finalerdia jokatuko da Mendaron domekan [bigarren finalerdia Oñatin jokatuko dute otsailaren 23an}. Mendaron, A eta B multzoetako lehen sailkatuek neurtuko dituzte indarrak elkarren aurka, Iñaki Azurmendik eta Unai Otañok osatutako bikoteak Donato Larretxeak eta Felix Etxeberriak osatutakoaren aurka, hain justu ere.
 Maila handiko lau aizkolari bertatik bertara ikusteko aukera izango da Mendaron, Iñaki Azurmendi aizkolari beasaindarra esate baterako, Euskal Herriko maila nagusiko aizkora txapelketako finala irabazi zuen Elgoibarren, joan den urteko abenduan. Egursport enpresak Mendaroko Udalarekin antolatutako saioan 30 enbor moztu beharko dituzte lau aizkolarien artean, sei modalitate ezberdinetan. 12:00etan hasiko da aizkora saioa Goñati pilotalekuan.
Harrijasotzaileen erakustaldia
 Aizkolariez gainera, harri jasotzaileak ere izango dira, Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III eta Bizkaiko egungo txapelduna den Inhar Urruzuno. Lau harrirekin arituko dira: 125 kiloko errektangeluarra, 100 kiloko zilindro zaharra, 100 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola.
Herri kirol jaialdia ikusteko sarrerak 10 euroan jarri dituzte salgai (16 urtez gorakoak dohainik)