Elgoibarko Udaleko Euskara Sailak, Udal Kirol Patronatuak eta Elgoibarko Eskola Kirola Elkarteak antolatuta, Kirolaz hezi eta hezi izeneko hitzaldia eskainiko du Igor Arenazak hilaren 20an, Kultur Etxeko hitzaldi gelan (19:00). Elgoibarko Eskola Kirolean edo herriko kirol taldeetan haur eta gazteekin aritzen diren entrenatzaile, laguntzaile eta gurasoei zuzenduta dago, bereziki.
Igor Arenaza futbol jokalari ohia Aretxabaletako UDA klubaren zuzendari eta Eskua proiektuaren sustatzailea da. Aretxabaletako Kirol elkartean hasi eta orain Debagoiena eta Debabarrena eskualdeetako beste kirol taldeetara zabaltzen ari den egitasmoa da Eskua: kirola errespetuarekin, euskararekin, ingurumenarekin... lotzen dituen esperientzia, hain zuzen ere.
•Kirolaren garrantzia heziketan
Futbolak eta kirolak orokorrean haurren heziketan duen garrantziaz berba egingo du Arenazak Elgoibarren. Beretzako futbolak eta kirolak orokorrean haurren heziketan duen garrantzia ez dator bat futbol zelai eta Eskola Kiroleko jolastoki gehienetan entrenatzaile eta gurasoek erakusten duten jarrerarekin.
*Argazkia: goiena.net