Hondakinen gaikako bilketara batuko dira ikastetxeak, enpresak eta ostalaritza

elgoibarren.net 2014ko ots. 12a, 14:01

Hiri hondakinen kudeaketako 2013ko emaitzak eman ditu Elgoibarko Udalak. Oro har, gaika bildutako hondakin kopurua %12 handitu da, eta gaikako bilketan %35ko mailara iritsi da 2013an. Europak 2016rako ezarritako helburuetatik {%60 birziklatzera heltzea exijitzen du} urrun gauden arren, joera honi eutsiz gero, “urtea amaitzerako” Europak exijitzen dituen helburuetara hurbiltzea nahi dutela adierazi du Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak.


 Elgoibarko Udaleko arduradunek jakinarazitakoaren arabera, hondakinen gaikako bilketara batuko dira aurki Elgoibarko ikastetxeak, enpresak, elkarte gastronomikoak eta ostalaritza. Azken horien kasuan, ostalarien %75ak dagoeneko sinatu du hitzarmena Debabarrena Mankomunitearekin eta gaikako bilketa egiteko zabor ontzi bereziak jasoko dituzte laster. Horrenbestez, gaika bildutako hondakin kopurua Europak ezarritako helburuetara hurbilduko dela urtea amaitzerako esan du Rikardo Garatek, Debabarrenako Mankomunitateko presidenteordeak.
  Hiri hondakinen kudeaketako 2013ko emaitzek “joera ona” erakusten dutela nabarmendu du Alfredo Etxeberriak. “Gaikako bilketan %34,8ko mailara ailegatu gara 2013an eta %23koa izan zen 2012an”. Udalak emandako datuen arabera, hondakinen sorkuntzak gora egin du 2012tik 2013ra, 4.246 tona jaso ziren 2012an eta 4.408 tona iaz. Horietatik 1.535.070 kilo (%34,8) izan ziren gaika jasotako hondakinak.
  Era berean, hondakin organikoak jasotzen dituzten marroi koloreko edukiontziak erabiltzeko izena emandako herritarren kopuruak %50etik %62ra gora egin duela azpimarratu du Etxeberriak. Elgoibarren 4.443 familia daude eta horietako 4.389ri egin zitzaien edukiontzi marroia erabiltzeko gonbidapena. 2013. urte amaieran 2.726 familia (%62,11) zeuden izena emanda, aurreko urtean baino %12 gehiago.
 Datuei kaso eginez gero, “bide onetik” goazela uste du Etxeberriak. Bere ustez, "kontua ez da azkar joatea edo markak haustea; baizik eta gauzak ondo egitea hala izan behar dela uste dugulako. Horrela lortuko dugu ingurumenarekin kontzientziatua eta sentsibilizatua dagoen gizarte bati dagokion kudeaketa arrakastatsua izatea". Ildo beretik, honako mezua helarazi nahi die herritarrei: “guztiok inplikatzen bagara bakarrik lortuko dugu zaborren kudeaketaren kostua merketzea, eta hori lortzeko zaborra sailkatuta jaso behar dugu".
 
Lotura duten albisteak: