‘Sexpearemente’ umorezko antzezlana ekarriko du Herriko Antzokira Sexpeare konpainia madrildarrak

elgoibarren.net 2014ko ots. 13a, 14:56

 
Sexpearemente izeneko antzezlana taularatuko du Madrileko Sexpeare konpainiak barixaku honetan, otsailaren 14ean, Elgoibarko Herriko Antzokian (20:30). Salaketa eta umorea uztartzen ditu obra honek, besteak beste, metro karratura heltzen ez den eszenatokian garatuko baitute antzezlana bi aktorek, modu horretan kultura arloan izaten ari diren murrizketa ekonomiko eta artistikoak salatzeko. Astebururako antzerki eskaintzarekin jarraituz, Lanku Produkzioak-ek Bikokote haurrentzako antzerkia eskainiko du domekan.


1706636993647 ‘Sexpearemente’ umorezko antzezlana ekarriko du Herriko Antzokira Sexpeare konpainia m

Sexpeare antzerki konpainia madrildarrak 18 urte baino gehiagoko esperientzia du antzerkigintzan, baina oraingoan eszenatoki txikian lan egitera behartu dituztela adierazi dute, “kultura arloan izaten ari diren murrizketa ekonomiko eta artistikoen ondorioz, metro karratura heltzen ez den eszenatokian lan egin beste aukerarik ez dugu izan”. Sexpeare konpainiako Santik eta Rulok “Santi" eta "Rulo" pertsonaien rolak egiten dituzte antzezlanean: beren antzerki ibilbide guztia antzezten dute, gaur egungo egoerara nola ailegatu diren azalduz, kabaretan hasi zirenetik, egungo kataklismora.
 Ibilbide horrek fikzioa eta errealitatea nahasten ditu, egiak eta gezurrak, eta pertsonaiek, autore eta aktore, antzerkiari buruzko elkarrizketan jardungo dute, zenbait galderak plazaratuz, adibidez, "Lorcaren burezurra da Hamletek eskuetan duena?". Sarrerak www.kutxabank.es bitartez edo eta Herriko Antzokiko leihatilan erosi behar dira. 10 euroan jarri dituzte sarrerak salgai (ikasleek eta gazte txarteldunek 7 euroan dituzte)

Bikokoke haurrentzako antzerkia, domekan

Hodei Unzueta zarauztarra eta Ibai Esoian oriotarra dira Bikokote antzezlaneko aktoreak. Arg: Zarauzkohitza.

Lanku Produkzioak-ek Bikokoke antzlana eskainiko du domekan (otsailak 16), Herriko Antzokian (16:30). 5 urtetik aurrerako haurrei zuzendutako lana da, eta sarrerak leihatilan bertan erosi behar dira. Antzezlaneko pertsonaiak Piruli (Ibai Esoain) eta Txupi (Hodei Unzueta) bale arrantzaleak dira. 1822an irla batean lehorreratu ziren bale-arrantzan ari zirela. Harrezkero, irla galdu horretan bizi dira, baina beraiek ez dute adinean aurrera egin. Irla hura dute beren bizitza eta mundua. Une batean, ordea, gaur egungo Euskal Herria nolakoa izango ote den pentsatzen hasten dira. Orduan, arrasto edo zabor batzuk iritsiko zaizkie irlara, gaur egungo gizakia nahiz mundua nolakoa den azaltzen dizkietenak: garbikari potoa, gurpila, freskarri latek daramaten plastiko euskarria… Zer demontre dira gauza horiek? Kuriositatez, Euskal Herrira itzultzea erabakitzen dute. Zer aurkituko ote dute? Gustatuko zaie?