“Euskara da gu denok batzen gaituena, eta kooperatibak jakin behar du hori ikustarazten”

elgoibarren.net 2014ko ots. 14a, 10:38

Amaren baserriak, Metalkuak, eman dio ezinena –Metala–, eta Danobat kooperatibak egin du ezaguna. Hamabi urte egin ditu Danobat kooperatiban presidente karguan, eta erretiroa hartu berri, Argentinan da orain, ‘motxilero’. Urte sabatikoa hartu du, eta gorputza nekatuz, atseden eman nahi dio buruari. Euskara, mendia eta familia. Horiexek ditu gaur buruan. Gazte denboran alabekin nahi besterik egiterik izan ez zuena egin nahi du orain bilobekin: gozatu. Etorkizunaz galdetuta, ideia-dantza darabil buruan, baina ez du ezertara lotu nahi. “Ez dut beste burukominik nahi”.



Danobaten aurpegia izan zara urte askoan gure bueltan. Noiz sartu zinen kooperatiban, eta zertan hasi zinen?
  1970ean sartu nintzen Danobaten, Arrasaten Industri Maisutza egitetik bueltan. Arrasaten, On Jose Maria Arizmendiarreta ezagutzeko zortea izan nuen, kooperatibismoaren gainean ematen zituen hitzaldi batzuetan, eta kooperatibismoarekin zeharo enamoratuta iritsi nintzen Elgoibarrera; pixka bat talibanizatuta ere bai, beharbada. Gure garaian lanpostua topatzeko ez zegoen burukominik; tailerrak zain egoten ziren. Gaur ez dago halako konturik!  Nik, baina, garbi neukan ahal nuen neurrian kooperatiba batean hasi behar nuela lanean, eta Danobaten hasi nintzen. Orduan niretzat Eguzki zen, orduantxe fusionatu berri zirelako. Muntatze lanetan hasi nintzen, eta handik, bulego teknikora pasatu nintzen gero. Komertzial lanetara Madrilera bidali ninduten ondoren, eta han joan nintzen, familia hartuta. 1980. urtea bueltan izango zen hori. Emaztea, baina, ez zen ohitzen han 2 urteko alaba txikiarekin, eta bueltatu ginen atzera Elgoibarrera. Bueltan, bulego teknikoan eta erosketa sailean jardun nuen, eta azkenik, 2001ean, neuk jakin gabe, presidentetzarako hautagai aukeratu ninduten. Hiru legegintzaldi egin nituen presidentetzan: hamabi urte. 

Kooperatibismoarekin maiteminduta etorri zinen Arrasatetik. Zer topatu zenuen Elgoibarren?
  Lana topatzeko ez geneukan gaurko burukominik, lan asko zegoen-eta. Politikan, berriz, ez ziren garai errazak. Burgosko prozesuaren garaia zen, eta protesta ekitaldi ugari egin ziren hemen. Lantokietan ere giro hori bizi genuen, dena zegoen politizatua. [Burgosko  1970eko abenduaren 3an Burgosen auzitegi militar batek ETAko hamasei kideri egindako epaiketa guztiz sumarioa izan zen. Hiru pertsona hil izanaz akusatu zituzten, eta epaiketaren bukaeran heriotza zigorra ezarri zieten akusatuetako seiri; hala ere, heriotza zigor horiek ez ziren bete, Francoren Ministro Kontseiluak kartzela zigorretara aldatu zituztelako]. Greba egun asko izan ziren. Nahas-masa handia izaten zen, eta Danobatek lortu zuen egoera hura arautzea. Ez dut esango kooperatibaren gauza guztiak onak direnik, baina gauzak arautze horretan behintzat asmatu genuen, garai hartan geneukan anarkia hura ez zelako inorentzat ona. On Jose Maria Arizmendiarreta bera ere printzipio kooperatiboak arautzearen aldekoa izan zen beti, uste zuelako enpresa munduan bazegoela bide bat markatzeko beharra.
Greba eskubidea arautzeak bere alde txarrak ere baditu, jakina, gaur Danobaten greba egiteko sekulakoa gertatu beharra dagoelako, baina behintzat gauzak arautze horrek balio izan du politika tailarretik apur bat ateratzeko, enpresan denetariko jendea dagoelako eta politikak, sarri askotan, langileen arteko harremanak gaiztotzen dituelako.

Kooperatibaren alde onak jende askok goratzen ditu. Txarrak isilagoan pasatzen dira. Zuk aitortu duzu puntu ilunak ere badirela. Zeintzuk?

1706636991487 “Euskara da gu denok batzen gaituena, eta kooperatibak jakin behar du hori ikustarazte

Gertutasuna galdu dugu. Gure kooperatiba taldeak dimentsio handia hartu du, eta hori kalterako izan da. Horri buelta pare bat eman behar dizkiogu. Gurea moduko kooperatiba handiek arrisku handia dute: burges berriak sortu behar ditugu? Hori da gure beldurra. Giza-duintasunaren alde lan egiteaz gain eta herriarekiko elkartasuna sustatzeaz gain, kooperatibismoaren balioetan beti egon da gizartea aldatzeko nahi bat, gizarteko injustiziak amaitzeko nahi bat, eta beldur naiz ez ote diren balio horiek apaltzen ari. Gero esango dugu ‘merkatuak halakotara’ behartu gaitu, baina ez; horrek ez digu balio.

Zer konponbide dauka horrek?
Kooperatibaren inguruko prestakuntza eskaini behar diegu langileei. Gaur egun kooperatibara lanera datorrena ez da kontziente enpresa berezi batera datorrela, inork ez diolako azaldu. Kooperatiban ez du balio ‘nik nirea egin, eta aire!’ Baina, gaur, asko eta asko lanpostu baten bila datoz bakar-bakarrik, eta ez dira enpresako parte sentitzen. Baina, jakina, hori kooperatiba txiki batean egin daiteke, baina handian, 2.000tik gora langile dituenean, zailagoa da. Formazio kooperatiboa behar da, guk Arizmendiarreta eta besteengandik jaso genuena, eta agintzen daudenak arduraz  jokatzea eta eredu izatea.
Nik neuk, kooperatiba sortu zutenetako asko ezagutzeko zortea izan dut, eta ez dut izenak ematen hasi nahi, baina bat aipatu nahiko nuke: Lazaro Bernedo ‘Ziarda’. 82 urte ditu, eta Eguzki sortu zutenetako bat izan zen. Bere ondoan hartu ninduen gaztetan ikasteko, eta sekulako zortea izan dut. Lazarok sekula ez dit esan kooperatiba bat zer den, baina kooperatibista izatea zer den irakatsi dit eguneroko lanean. Hasieratik jende askok lagundu dit, eta iritsi naizen lekura iritsi banaiz, ondoan izan ditudan guztiei esker izan da.

‘Zenbat aldatu diren gauzak! Zenbat aldatu diren langileak”. Halaxe esan ziguten Miguel Mendikute, Juan Uria eta Jose Maria Ansola Danobateko langile beteranoek orain hiru bat urteko elkarrizketan. Zer diozu?
Egia da hori. Obedientzian hezi gintuzten gu, eta gure burutik ez zen pasatzen nagusiago bati kontra egitea. Nahiz eta jakin oker zebilela, guk isil-isilik betetzen genuen esaten zigutena. Gazteek berezkoa duten errebeldia ere bagenuen, jakina. ‘Hau erregeen pare bizi da, besaulki horretatik zer ikusiko du ba horrek!’ eta halakoak geuk ere pentsatzen genituen agintzen zeudenei buruz, baina txintik egin gabe betetzen genituen haiek esandakoak. Halaxe hezi gintuzten. Esker ona adierazteko behar morala sentitzen genuen. Aitortza hori zor geniela. Eta ziurrenik orduko agintari edo enpresa arduradun haiek gaurkoak baino ‘diktadoreagoak’ izango ziren, baina errespetua genien, eredugarri ere bazirelako. Etsenpluaren bidez predikatzen zuten, beharbada gaur baino gehiago. Guk hori topatu genuen, baina hori aldatu da, gizartea aldatu den neurri berean.
Nire garaian, proportzioan, emakume gutxi ziren etxetik kanpora lan egiten zutenak, eta gaur, aldiz, etxe gehienetan biek egiten dute kanpoan lan. Norbait lanera kanpora bidaltzeko, adibidez, horrek badauka bere eragina. Eta ez pentsa erraza denik egoera hori zuzentzea. Niri ere etorri izan zaizkit langileak kexaka denbora bat kanpoan egin ostean,. Hori badago, eta kooperatibak irtenbidea topatu behar dio horri. Malgutasun hori bilatu behar dugu bi aldeentzat. Horrezaz gain, lehen kanpora joateko ezagutza handirik ere ez zen behar izaten, gutxi esportatzen zelako besteak beste, baina gaur, ingelesa derrigor behar duzu, gure produkzioaren %85 kanpora bidaltzen dugulako. Ezagutza handikoa, malgutasun handikoa eta jende zabala eta ‘mundu handikoa’ behar dugu, joaten garen lekuetara joateko.
Eta azkeneko kontu bat: abiadura. Lehen, gauzak askoz lasaiago zihoazen. Patxada handiagoarekin egiten genituen gauzak, merkatua bera zelako eske zetorrena. Gaur, berriz, geu irten behar gara bila, geu joan behar gara bezero posible horrengana egiten dakiguna erakustera. Nik beti esaten dut orain ari garela saltzen ikasten. Bezeroarekin batera lan egin behar da orain, bakarrik jai dago! Esango nuke hori izan dela Danobat Taldearen arrakastaren klabeetako bat. Hemendik hamar urtera izango garena buruan izatea izan da gure betiko estrategia, eta hori ezinbestekoa da.

Eta ematen du asmatu duzuela bidea zein den. 2013an hartu zenuen erretiroa eta urte hori Danobatek erreminta makina sektoreko inoizko kontratu handiena lotu zuela esanez bukatu genuen.
Guk uste dugu enpresa kontuak oso ondo egiten ditugula, baina bazkideen gaian hori hala den ez daukat horren garbi. Guk uste dugu enpresa alorrean gure zuzendaritzakoek –bat ez beste guztiak dira bazkide– lan ona egin dutela, baina baita langileek eurek ere. Azken batean langileak eramaten duelako enpresaren irudia kanpora. Horretan asmatu dugu. I+D Ikerketa eta garapenean ere indar handia jarri dugu, eta jakin dugu behar zen lekuan dirua jartzen. Gure beteranoek beti esaten zuten, ‘mecaguen sos diru guztia inbertsioetarako gordetzen dugu’, baina nik uste dut ondorengoei gutxienez guri laga zigutena laga behar dieguela: produktu eta enpresa-egitura on bat. Gure seme-alabentzako ari gara, hein batean, guk orain egiten dugunaren araberakoa jasoko dutelako eurek gero.

Fagor-renak hautsak harrotu ditu. Kooperatibismoa bera ere krisian ikusi dute batzuek.
Kontu delikatua da, baina ia ganoraz azaltzen dudan. Gure barruan elkartasun-sistema hain da indartsua, hain da sendoa, beharbada itsututa jardun dugula gai honetan. Gure elkartasun-sistemarekiko fede horrek eraman gaitu, hein batean, gauza batzuk aldatu beharra zeudela ez ikustera. Egurkon ere gertatu zaigu hori, maila txikiagoan. Oso mingarria izaten da esatea kooperatiba bat itxi egin behar dela eta itzel kostatu zitzaigun onartzea eta esatea. Zergatik? Eurek bazkideak prest zeudelako %85ean egoteko, Gabonetako extrak-eta beste lagatzeko... eurentzako euren bizia kooperatiba zen, eta kooperatibak aurrera egiteko, prest zeuden direnak eta bi egiteko. Egurkon halaxe pasatu zen. Halakoetan, jakin behar da buru hotzarekin jokatzen, eta hartu behar diren erabakiak hartzen, erabaki zailak izanda ere. Hori bai, era berean, gai izan behar zara jende horri irtenbide bat emateko, hori baita kooperatibaren funtsa. Egurkoren kasuan, konpromisoa hartu genuen lanik gabe gelditu ziren bazkide guztiei bi urteko epean Danobat taldean lana topatzeko eta aurre-jubilazioak ordaintzeko, eta hala egin dugu.
Fagorrekoa ezberdina izan da. Zer gertatu da Fagor Etxetresnak-en? Fagor enblema bat da, kooperatibismoaren bandera-ontzia, eta presio sozial handia egin da bere bueltan. Elkartasun sistema oso ona zuten, eta lagundu zaie asko, ikaragarri, bereziki Fagor taldeak. Nik garbi esango dizut: dirutza itzela eman diogu, sinistu ezineko beste. Taldeko langile guztiek %1a emateko konpromisoa hartu zuten, diru kopuru jakin bat bete arte. Baina ez da jakin hartu behar ziren erabaki zailak garaiz hartzen, eta luzatu da denboran, eta azkenean etorri da etorri dena: horri eutsi ezina. Langileek eurek ere ikusten zuten egoera zein zen, informazioa bazutelako, nahiz eta beti emango zieten itxaropenerako daturen bat, baina egoera horretara ere ohitu egiten da bat eta...

Kooperatibismoa ez dago beraz krisian?
Kudeaketa aldetik gauzak ez dira ondo egin Fagor Etxetresnak-en, eta beldurra ere egon da, orain bost urte hartu behar ziren erabakiak hartzeko, baina horixe. Erabaki organoetan ere saltsa handia egon da, baina guk albotik garbi ikusten genuen zer zetorren. FagorEtxetresnak-i laguntzen jarraituz gero, bazegoen beste batzuk arriskuan jartzeko arriskua ere, eta hori baino gehiago ere bazegoen: arriskua zegoen jendea besteei laguntzeaz aspertu eta gure elkartasun sistema hondoratzeko.

Exenplua ematearena atera duzu, eta euskararekin lotu nahiko nuke. Euskararen gaian Danobat Taldea eredugarri ere badelako.
Danobat sortu zutenek asko egin zuten euskararen alde.  Danobaten eskaera bategatik euskaratu ziren Lagunaroren lehenengo estatutuak ere. Pentsa! Bai, Danobaten ahalegina egin dugu euskararen egoera, ahal genuen neurrian, normalizatzeko. Ni presidente aukeratu nindutenerako euskara batzorde bat bazegoen Danobaten, eta Zuzendaritza Batzordetik nolabaiteko ofizialtasuna eman genion horri. Batetik, dirua jarri genuen, eta bestetik, baliabide pertsonalak jarri genituen, batzorde hori egiten ari zena indartzeko. Autonomia osoa eman genien, baina, uste genuelako –eta hala pentsatzen jarraitzen dut nik– borondatez lanean dabilenak askoz gehiago eman dezakeela behartuta hasten den batek baino. Borondatez lan izugarria egin duen jendea izan dugu hor, eta Zuzendaritza Batzordeak konfiantza osoa izan du beti haiengan.

Ilunguneren bat identifikatu arren, balorazio onak jaso ditut Danobaten euskarak bizi duen egoeraz galdetu dudanean. Zer diozu zuk?
Egon naizen lekutik ez dut dena ikusi, jakina, baina nik uste dut azkeneko urteetan asko aurreratu dela eta euskararen erabilera normalizatu bidean dela Danobaten. Adibide bat jarriko dizut: nomina euskara hutsean banatzen hasi ginenean, kargu hartzera etorri zitzaizkidan bi-hiru bazkide. Euren eskubide konstituzionalak urratu zirela esanez hasi zitzaizkidan. Halaxe erantzun nien: “Pentsa esazue zuek zer pentsatuko zuten urteetan euskaldunek, gure estatuetan, zuenak ere badiren horietan, Danobateko bi hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelania direla jartzen baitu”. Gaur egunean ez dago halako konturik. Horregatik diotsut nabarmen egin dugula aurrera. Gaur egun jendeak ondo ikusten du, eta tailerrean euskarari tokia egitearen alde dago. Hori guztia instituzionalizatzearen aldekoa izan naiz ni beti, euskararekiko jarraitu beharreko estrategia batzarrera eramatearen aldekoa, baina horren guztiaren gainetik dago hemen jende askok borondatez egindako lana. Klabea hor dago.
Gaur zortzi-hamar bat lagun batzen dira euskara batzordean Danobaten, tartean Zuzendaritza Batzordeko bat. Azkeneko urteetan, gainera, Danobat Taldearen barruan ere aurrerapauso handia egin da, batzorde komun bat sortuta. Eta horri guztiari gehitu behar zaion tailerreko tresneria eta informatikako programa guztiak eta abar euskaratzeko egiten dihardugun ahalegina. Zergatik? Gaur tailerrera datorrenak gutxi-asko badakielako euskaraz, baina gero hemen dena erdaraz topatuko balu, erraz lagako lukeelako albora euskara.

Euskarak 365 egun kanpainan ere parte hartu zenuen, Danobaten ordezkari moduan. Zer da zuretzat hizkuntza, zer euskara?
Identitate bat da niretzat euskara. Euskarak ez dauka kolorerik. Zatituta egon arren, gu herri bat gara, eta euskara da gu denok batzen gaituena. Beraz, kooperatibak, eta Danobatek zehazki, jakin behar du hori kanpoan ikustarazten. Berdin dit ezkerreko edo eskuineko izan, berdin dit abertzalea izan edo ez; euskara hori guztiaren gainetik dago, eta hala egon dadin egin behar dugu lan. Euskara ezin da inoren bandera izan, ez bada denona. Eta zoritxarrez, aurkezpenetan-eta, ez dugu oraindik hori normaltasunez esaten. Joaten direnen esku lagatzen dugu kontu hori gaur, baina nik uste  dut hori formalizatu behar dugula, kooperatibari badagokiolako lan hori ere: gure herria ezagutaraztea. MCCn daukagun erronka handia da hori.

Danobat Group izena hartu duzue zuek, ingelesezko izena.

Bai, eta niretik erantzungo dizut. Badakit izen ofiziala hori dugula, baina nire hitzetan Danobat Taldea erabili beti. Nire hizkuntza euskara da, nahiz eta nik dena erdaraz ikasi dudan. Euskarari eutsi beharra daukadala sentitzen dut, eta nire apustua da ahal dudan leku guztietan euskaraz egitea. Dakigunok eginez gero, asko egingo dugu, eta politizatzen ez badugu, are gehiago. Kanpora begira garbi dago euskarak ezingo diola sekula ingelesari aurrea hartu eta beharbada, marketin ikuspuntutik egokiagoa izango da bestea, baina nik nahi dut nire inguruan euskarak gune gehiago irabaztea eta nahi dut lau euskaldun eta bi erdaldun elkartzen garenean, euskaraz hitz egiten jarraitzea ez izatea arazo edo euskaldunontzat burukomin. Normaltasun hori lortzea nahi dut euskararentzat. Eta hori koadrilan ere pasatzen zaigu e!. Besteak ezer esan aurretik, geu hasten gara erdaraz. Geuk fallatzen dugu.

Garai batean zeuk egiten zenituen aurkezpen bilerak Danobaten. Zein hizkuntzatan?

1706636991546 “Euskara da gu denok batzen gaituena, eta kooperatibak jakin behar du hori ikustarazte

Bai, neuk egiten nien harrera antzekoa. Orain sei urte, elkarrizketa horietako asko gaztelaniaz egiten genituen, eta gaur denak euskaraz dira. Etortzen dena eskolatua da, badaki euskaraz, eta beraz, euskararekin ez dauka burukominik. Aitzakiarik ez daukagu! Guk erremintak jarri behar ditugu, jende horrek tailerrean euskaraz egin dezan. Hori lortu dugu, baina ez da komeni goardia jaistea. Orain beste erronka bat jarri behar diogu geure buruari.

Garai bateko aldean jendea prestatuta dago, baina itxuraz, ekintzaileak falta dira.   Ikustekoa da ‘ekintzaile’ berbak hartu duen indarra, eta horren bueltan sortu diren programa kopurua. Zer gertatzen da?
Belaunaldi aldaketa eginda dago Danobaten, eta gaur, gazte jendea dago agintzen. Garbi dago, beraz, gazte konprometituak badaudela, bestela ez zelako egongo Danobat dagoen lekuan. Baina gero badago beste jende bat, eta horrelakoak beti egon dira, ‘sakrifizio gutxi, errendimendu handia’ leloari helduko diotenak, hein batean gizarteak horra garamatzalako. Zuen belaunaldiak dena izan du eskura, eta hein batean, normala da gauzen benetako balioa ez estimatzea. Eskubideak aldarrikatzen ditu jende horrek, baina betebeharrak ahazten dituzte, eta kooperatibak bietatik dauka. Dena den, ez nator bat ‘gaztea=ardugabea’ delako horrekin. Gazteen %80 langileak dira, jende prestatua. Gertatzen dena da beste %20 horrek protagonismo handia hartzen duela. Horrek alde batera laga, eta %80 hori potentzializatu behar dugu, geuk eredua emanez. Ardura postuetan daudenei exijitu behar diegu hori.

Uneoro eredu izate hori nabarmentzen duzu behin eta berriz. Beldurtuko zaizkizu arduradun berriak.
Ez, ez. Danobaten gauza bat gaizki irteten bada, arduradun nagusiak Zuzendaritza Batzordea eta zuzendaria dira. Beraz, hor daudenek uneoro saiatu behar dute eredugarri izaten. Egunero elkarrekin berba egin, kritikak onartu, gaizki egindakoak zuzentzen saiatu, eta taldean lan egiten jakin behar dugu, eta behar denean, bestearen lekuan jarri eta gauzei beste ikuspuntu batetik begiratzen ere bai. Ez da erraza, baina saiatu egin behar da. Eta kontuz! Neu ere izan naiz batzuetan diktadore xamarra, baina batzuetan tokatzen da erabakiak hartzea ere, denbora bat pasatakoan zirt edo zart egitea tokatzen delako.

Horrenbeste urtean ez da gutxi izango kooperatibari eman diozuna, baina, zuri zer eman dizu kooperatibak? Jarraitzen duzu Arrasatetik etorri zinenean bezain maiteminduta kooperatibarekin?
Bai. Kooperatibak eman dit segurtasun bat lanean, eman dit mundua, ibiltzeko aukera, eman dit pentsatzen dudana esateko bidea, eman dit harreman-sare handia, jende jator asko ezagutzeko aukera eta eman dit presidente izateko aukera, sekula zuzendaritzan egon gabe. Horri buruz gauza bat esan nahiko nuke: presidentea liberatu egin behar da, presidente lanetarako. Ni uste dut lehenengo liberatuetakoa izan naizela ni, eta dedikazio horrek aukera eman dit kooperatibismoaren ideiei lotuta segitzeko eta jendearekin uneoro harremanetan egoteko. Bestela, ezingo nuke.

Goian dagoenari, beharbada, ez zaizkio iritsiko, baina badakizu beti izaten dela marmarra goian dagoenaz. Jardun dut zure inguruan galdezka, eta itxuraz, aldekoengana bakarrik iritsi naiz.
Hamabi urtean Benito [Aranbarri] izan da nire idazkaria, eta guk beti ikusi dugu badaudela marra gorri batzuk pasatu ezin direnak. Tarteka sartu ditut neuk ere ederrak, baina. ‘Hau nola sartu duzu, baina?”, esan izan dit Benitok, baina denori gustatzen zaigu loratua izatea, eta jakina, sartu izan dizkidate ziri ederrak ere modu horretan. Badakit goratu nauten batzuek interes pertsonalagatik egin dutela, baina harrokeria pertsonalaren kontu hori oso humanoa da. Lortu behar dena da hankak lurrean izatea, eta saiatu, saiatu gara, batzuetan asmatu ez arren. Garbi esango dizut: presidente aukeratu egin ninduten, baina agintzea gustatuko ez balitzait nekez egingo nuen horrenbeste urte presidentetzan. Hori ere egia da. Saltsa hori gustatu egin behar zaizu, bestela ezin zara bizi halako ardurako kargu batean. Jendearekin harremanak izatea gustatzen zait, eta hortik sortu dira bereziki jende gaztearekin-eta izan ditudan apustuak-eta.

Eta arduraz ari garela... Zuk zeuk onartu duzu zein zaila den gaur lan mundua eta familia uztartzea. Zuk nola egin duzu urte guzti hauetan?

1706636991656 “Euskara da gu denok batzen gaituena, eta kooperatibak jakin behar du hori ikustarazte

Nik abantaila handi bat izan dut: nire emazteak [Mari Cruz Fernandez de Campinun] etxean egin dut beti lana. ‘Abantaila’ hitzarekin kontuz ibili beharra dago, baina, bai, hotzean hitz eginda, inork ez dit ukatuko abantaila denik. 7:30ean sartu tailerrean eta iluntzera arte lan egiten banuen ere, nik ez neukan etxeko kontuen kezkarik. Banekien emazteak ondo baino hobeto gobernatuko zuela etxea, nik neuk baino hobeto ziurrenik, eta ni iristerako eginda egongo zirela lan guztiak. Badakizu zer den hori? Orain ditut kontuak. Egokitze aldian nago orain, edo gaude. Emazteak beti esaten dit: ‘Aizu, Jesus Mari, nik ez dut erretirorik hartu e! Zeu zara erretiroa hartu duzuna!’. Zoritxarrez, ez dut alabetaz nahi beste disfrutatzeko aukerarik izan, hori bai, eta orain gozatzen ari naiz bilobekin. Bihotza lapurtu didate txiki hauek, egia esan, eta izugarri ari naiz disfrutatzen. Hori bai, obligaziorik ez dut hartuko e!

Jarri zaite orain zure alaben lekuan. Ikasketak dituzte, zorionez lana ere bai, eta haien bikotekideek ere etxetik kanpora lan egiten dute. Ziurrenik noizbait entzungo zenien lana eta familia uztartzea oso zaila dela. Zer esaten diezu?
Bai, bai. Gauzak asko aldatu dira, eta ez dago erraza. Nik hori ikusten dut, baina nik ezin diet esan zer egin behar duten edo nola egin behar duten. Gauza horiek euren artean konpondu behar dituzte. Beharbada, ikuspegi matxista ere izango dut batzuetan, baina nik zer esango diet ba? Oreka bat bilatu behar dela. Danobaten ere etortzen zitzaizkidan eta nik beti esaten nien: “Bai, bai, nik ulertzen diat. denbora egin diak kanpoan, emazteak lan egiten dik, bi ume dituk, eta gainera, golfo xamarra ere bahaiz... Normala andrea kokoteraino egotea hitaz, bere bizimodua erabat lotua dialako, baina hau da Danobaten daukaguna’.  Oreka bilatu behar da, eta enpresak ere jarri behar du bere partea, ahal denean malgutasunez jokatuz eta langile horri beste konpentsazioren bat emanez, dela orduetan edo dena delakoan, baina hori da dagoena. Tailerrak malgutasun horren alde egin behar du, baina erabateko irtenbiderik nekez emango du.

Lege aldaketa batek konpon dezake zerbait?
Lagundu bai, beharbada. Gaur egungo egoerara egokitu behar dugu denok. Nik neuk ez dut burukomin hori izan, baina ulertzen diet, jakina, gaurko gurasoei. Jende gaztea dago zuzendaritzan orain, eta egokitzapen hori etorriko da nik uste. Lehiakortasun handia dago, bai, baina kooperatibak asmatu behar du hor oreka bat bilatzen, ez lagatzen dena alde batera, lehiarkortasunaren izenean. Danobaten ordutegi malgua egon badago, guraso direnek umeak ikastolara eramateko aukera izan dezaten eta abar, eta sarri pentsatu izan dut gurea moduko enpresek egin duten ahalegin hori egin beharko luketela ikastolek eta gainerako gizarte erakundeek ere. Gogoan daukat gurean erabili genuen eztabaida: ikastolara 9:00etan sartzen dira. Zergatik ez dira egokitzen ordutegi horiek tailerrek dutenetara, adibidez? Opor egunak eta beste? Ematen du beti enpresa egokitu behar dela gainerako guztien egutegi eta ordutegira, eta zergatik ez da bien artean  zerbait adosten?
Horren harira, gogora etorri zait Lealdekoen kontua. Lealdekoek ostiral arratsaldetan jai egiten zuten, eta fusionatu ginenean, batzuen zera zen haiek gure moduan lanean jartzea ostiral arratsaldetan. Eta nik esaten nien ‘Aizue, ez al da hobe geu egokitzea haienera? Ez duzu zuk harena nahi? ba hari kendu gabe, asma dezagun modua guk harena egiteko! Haiena lorpen bat da-eta!’. Baina, horretarako denok egin behar dugu esfortzua. Berdintasun erabatekorik ez dago; batzuetan ezberdintasunak izan behar dira, eta horrekin bizitzen jakin.

Urte sabatikoa hartzeko asmoa duzula jakin dut. Tourmaleteko apustu baten berri iritsi zait eta beste erronkaren baten berri ere izan dut. Kontatzekorik bada tartean?
Tourmaletekoa ez nuen pentsatzen irabaziko nuenik. Ordubeteko abantaila eman zidan lagunak, baina hala ere, ez nuen pentsatzen bizikletaz irabaziko nionik. Hark ez zekien, baina, niri burugogorrean irabaziko didanik ez dago! Orain, Argentinara noa, oporretara. Aspalditik dator kontua, eta publikoki eskerrak eman nahi dizkiot emazteari, baimena eman didalako. Berak ez zuen etorri nahi, eta tailerreko lagun batekin, Laprarekin [Mikel Ariznabarreta], eta haren iloba batekin noa. Laprak lehengusuak dauzka han, eta egiten genituen afarietan beti irtetzen zen Argentinara joateko kontua. “Jubilatutakoan joango gaitut”, esaten genuen beti, eta allegatu da eguna.

Jesus Mari Astigarraga, Mikel Ariznabarreta eta Unai Elorza Perito Moreno glaziarraren aurrean, Argentinatik bidali duten argazkian.

Hirukote elgoibartarra Ushuaian. Mikel Ariznabarretak bidalitako argazkia.

Opor bidaia horrez gain, baina, entzun dut desafio itxurako beste bidairen bat ere egitekoa duzula...
Jajaja. Bai, bai. Iñaki Konde eta Iñazio Garmendiarekin plana eginda daukat maiatzean Granadara bizikletaz joateko.

Biak ere biziklean ibili zaleak, biak ere sasoian dauden gizonak. Nola ikusten duzu zeure burua?
Nire erritmora joan beharko dira! jajajaja. Badakit sufritzea tokatuko zaidala, baina biak ere lagun onak ditut, eta badakit oso ondo pasatuko dudala.

Horrenbeste buru nekatzeren ostean, beraz, gorputza nekatzea pentsatu duzu behin jubilazioa hartuta.
Nekatu? Ez, ez. Horrek indarra ematen du. Animoz baxu  nagoenean mendira joan eta indarberritu egiten naiz ni. Zapaturo joaten naiz mendira, Agustinekin [Gonzalez]. Mens sana in corpore sano, badakizu. Niretzat ez dago Karakatera igotzea baino gauza hoberik. Aurten, lehenengo aldiz, bide zuzenetik igo naiz, eta sufritu dut majo.

Mendira inor ez ei doa lehiatzera, baina seguru zuk ere hartu zenuela denbora!

1706636991933 “Euskara da gu denok batzen gaituena, eta kooperatibak jakin behar du hori ikustarazte

Jajaja. Bai, hori ere egin genuen. Nik aitortuko dizut tontorrera iristen naizenean beti begiratzen diodala erlojuari. Gustatzen zait azkeneko aldiko denbora ontzea. Hori denori gustatzen zaigu, ezta?

Eta? sasoiko al zaude?
Ondo, ondo. Jajaja. Esan egin behar al dizut? Nahikoa ondo ibili ginen, bai.

Nahiko lukete askok zure erretiroa: umeekin ibili, mendira joan, bidaiak egin... Zer beste daukazu buruan?

1706636991987 “Euskara da gu denok batzen gaituena, eta kooperatibak jakin behar du hori ikustarazte

Ortutxoa ere jarri nahi dut. Errotatxoko lehengusinak lur sailtxo bat laga dit, eta hantxe hasiko naiz, zeozertan. Hortik aparte... Urte askoan egon naiz Mundukide garapenerako gobernuz kanpoko erakundean –1999an sortu zen, kooperatibetan makina bat urtetan lanean aritutako hainbat pertsonek bultzatuta, eta Mondragon Taldearen babesa izan dute hasieratik— eta hangoek beti esaten didate Brasilera edo eurek lanean diharduten  herrialderen batera joateko, eta batek daki. Pentsamenduak asko izaten dira, baina gero auskalo zer egingo dudan. Orain, hasteko, urtebete sabatikoa hartuko dut, eta gero ikusiko dut zertan jardun, baina garbi dago hemen inguruan bertan ere badagoela zeini lagundu.
Nahi neuke, hori bai, Euskal Herria ezagutzeko astia hartzea.

Bukatu aurretik, egizu Elgoibarren argazkia.
Ondo ikusten dut Elgoibar. Enpresa munduan esango nuke sustrai onak dituela, eta badaukala hazteko indarra, nahiz enpresa batzuk kostata ari diren orain, krisia dela eta ez dela. Jende on askoa daukagu hemen, baita NASArentzako lana egiten dutenak ere, eta zentzu horretan esango nuke, oro har hartuta behintzat, sasoiko dagoela hemengo ehun industriala. Erreminta Makinaren Museoa ere hor dago! Guk ez diogu kaso askorik egiten, baina kanpotik datozenak liluratuta gelditzen dira. Elgoibarren oinarria industria da, eta hori kontuan izanda, iruditzen zait erakundeetatik-eta lagundu egin behar zaiela enpresei. Horretan Udalak ondo dihardu; baita Gipuzkoako Foru Aldundiak ere. Guri behintzat beti lagundu izan digute. Gurea industria txikia da, eta lagundu egin behar zaio, besteak beste, ahalik eta traba gutxien jarriz baimenak lortzeko eta abar. IMHk eta MEKAk egiten duten lana ere sekulakoa da. Ez dut ulertzen zergatik ez duten bat egiten, baina biak ala biak oso-oso garrantzitsuak dira.
Gizarte alorrean ere behar ditugun tresna guztiak dauzkagula esango nuke. Orain umeekin nabil asko, eta beharbada, parkeak falta ditugu, baina bueno, gainerakoan zerbitzu onak dauzkagu

Garbi gelditu zait elgoibartarra zarela, nahiz Mendaron hain sarri ikusita noizbait pasatu izan zaidan burutik mendaroarra zinela.
Aita Belartondo baserrikoa da eta ama Metalkua baserrikoa. Nire bigarren ama, tia Maria, Errotatxokoa. Hori bai, Mendaron asko ibilitakoa naiz, eta lagun onak ditut nik han. Jende ona da Mendarokoa; hori bai, adar-jotzea beti ibiliko dugu gure artean.
 
Testua: Ainara Argoitia.