Arnaldo Otegik gizateriaren kontrako krimenak egin dituen ikertzeko eskatu dio Covitek Hagari

elgoibarren.net 2014ko ots. 17a, 14:40

 
Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzari Batasuneko hiru buruzagik, tartean Arnaldo Otegi elgoibartarra, eta ETAko ustezko zortzi kidek gizateriaren aurkako krimenak egin zituzten ikertzeko eskatuko dio Hagako Auzitegiari.

 
 

 Consuelo Ordoñez eta Josu Puelles Coviteko ordezkariak Hagan izan ziren atzo, Nazioarteko Epaitegiari eskatzeko iker dezala ETAk eta ezker abertzaleak gizateriaren kontrako krimenak egin ote dituzten. Ikertzeko eskatzen duten 11 pertsonak "ETA-Batasuna erakundearen" buruzagi izan direla azaldu zuten bertan, eta horiek auzitara eramatea galdegingo diote gorteari. Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak salatutakoen artean, Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Pernando Barrena Batasuneko bozeramaileak daude. Horiekin batera, ETAko ustezko kideak ziren Jose Antonio Urrutikoetxea "Josu Ternera", José Luis Eciolaza "Dienteputo", Tomas Elorriaga "Teo", Juan Cruz Maiztegi "Pastor", Eusebio Arzallus "Paticorto", Rafael Santiago Azkolain, Iratxe Sorzabal "Ezpela" eta David Pla "Minzo" daude salatutakoen zerrendan.

 Coviteren hitzetan, hamaika pertsona horiek "zibilen aurkako eraso sistematikoak" egin zituzten, "gatazka armaturik" izan gabe. Biktimen elkarteak adierazi du ETAren "adar politikoak" krimen horiek "sufrimendua sozializatzeko" estrategiaren baitan antolatu zituela. Krimen horiek preskribatu gabe daude Covitekoen iritziz. (iturriak: eitb.com, berria.info)
 
*Argazkia: covite.org