Ekainaren 8an Durangotik Iruñera egin nahi den giza kateari lehen babesa

elgoibarren.net 2014ko ots. 17a, 15:28

Elgoibarko Gure Esku Dago herritar taldeak deituta, dozenaka lagun batu ziren joan den barixakuan erabakitze eskubidearen alde sortu den egitasmoari babesa eman eta talde argazkia ateratzera. Ekainaren 8an Durangotik Iruñera egin nahi den giza kateari aurreneko babesa izan da, baina ekitaldi gehiago antolatuko dituztela aurreratu dute taldekideek. Honako bideoan jaso dugu barixakuko ekitaldia.


 Erabakitzeko eskubidearen alde egiteko sortu dute Gure Esku Dago ekimena Euskal Herri osoan, eta ekainaren 8rako Euskal Herria zeharkatuko duen giza katea osatu nahi dute. Askotariko pentsaerako dozenaka elgoibartarrek ere adierazi diote euren atxikimendua gizarte mugimendu honi, eta joan den barixakuan argazkia ateratzeko batu ziren horietako zenbait San Frantziskoko iturriaren inguruan. 

 
 2013ko ekainean aurkeztu zuten jendaurrean Gure Esku Dago ekimena, Irungo Ficoban. Euskal Herria nazioa dela esan zuten han, eta erabakitzeko eskubidea euskal herritarrei dagokiela, euskal herritar soilik sentitu, espainiar edo frantziar sentitu, edo munduko beste edozein naziotako kide sentitu. Erabakitzeko eskubidearen alde egiteko asmoz, antolatu dituzten ekimen sorta ere aurkeztu zuten, eta horien artean nabarmentzen dira bi. 2014ko apirilean Euskatalba topaketa egingo dute, Donostian. Eskozia, Katalunia eta Euskal Herriaren arteko topaketa bat izango da, eta hainbat kultur, kirol eta arte jarduera izango dira "milaka herritarrek parte hartu dezaten". 


1706636988422 Ekainaren 8an Durangotik Iruñera egin nahi den giza kateari lehen babesa

Bigarren ekitaldi jendetsua 2014ko ekainaren 8an iritsiko da. Gure Esku Dago ekimenak Durango eta Iruñea lotu nahi ditu giza kate batekin. 130 kilometro dira osatu beharrekoak, eta horretarako 50.000 lagun elkartu nahi dituzte.
 
∞Lotura duten albisteak: