Sei modalitatetan (kolpeka, erlojuaren kontra, abiaduran, zutik etzanda eta lan erdira) 30 enbor ebagi zituzten lau aizkolariek, Mendaron jokatu zen Urrezko aizkolarien Eusko Label binakako aizkora txapelketako finalerdian. Aizkolari nafarren eta gipuzkoarren arteko lehian nafarrak izan ziren jaun eta jabe. Donato Larretxeak eta Felix Etxeberriak osatutako bikoteak irabazi zituen egin beharreko lan guztiak. Horrenbestez, Mendaroko finalerdia irabazita, finalerako sailkatzea lortu zuten Larretxeak eta Etxeberriak.
Martxoaren 30ean jokatuko da finala Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Aurkariak ezagutzeko bigarren finalerdiko emaitzen zain egon beharko dute Mendaroko irabazleek. Otsailaren 23an jokatuko da bigarren finalerdia Oñatin. Atutxa II eta Ugaitz Mugertza II Jose Mari Olasagasti eta Kañamares III-aren aurka arituko dira.
*Argazkiak: Iñigo Lazkano.