Espainiako Bandera udaletxeko fatxada nagusian jartzera behartu du Udala Auzitegi Nagusiak

elgoibarren.net 2014ko ots. 18a, 14:41

Espainiako bandera "ohorezko lekuan, ikusteko moduan" jartzeko agindu zien EAEko Auzitegi Nagusiak hainbat herriri, tartean Elgoibarko Udalari. Agindua betez, Kalegoen Plazara ematen duen balkoi nagusian jarri dute gaur Espainiako bandera. Udalbatzak atzo onartu zuen mozioan jasota dagoenez, “bere borondatearen aurka” men egin dio epaiari Elgoibarko Udalak. Era berean, mozioaren sustatzaileek, EAJk eta EHBilduk, “Geurea ikurriña” lemapean martxoaren 7rako antolatu duten ekitaldi instituzionalean parte hartzera dei egin diete herritarrei.



  Elgoibarko PPko zinegotziak Elgoibarko Udalak Espainiako "Banderen Legea" ez zuela betetzen iritzita salaketa jarri zuen eta mozioa aurkeztu Udalean. Elgoibarko Udal Plenoak, baina, banderak jartzeko ordura arteko irizpidea mantentzea erabaki zuen 2008ko otsailaren 28ko Osoko Bilkuran; EAJ eta EAren aldeko botoekin, PSEE-EE alderdiko zinegotzien abstentzioarekin eta PPko zinegotzi bakarraren kontrako botoarekin. Alabaina, Auzien Epaitegiak atzera bota zuen Elgoibarko Udalak hartutako erabakia eta Espainiako bandera jartzera behartu zuen Udala. Erabaki horren aurka gaitzespen errekurtsoa jarri zuen Udalak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, baina helegitea ez onartzea erabaki zuen Auzitegi Nagusiak eta Espainiako bandera jartzera behartu zuen Elgoibarko Udala, 2012an. Agindu hori betetzea erabaki zuen Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak eta udaletxearen fatxadan eta pleno aretoan jarri zituzten Espainiako banderak, 2012ko apirilean. Estatuko ikurraz gainera, Europakoa, Gipuzkoakoa, Elgoibarkoa eta ikurrina jarri zituzten Giza Eskubideen parkera ematen duen udaletxeko leiho batean.

“Lehentasunezko” lekuan jartzeko agindua
  Auzitegi Nagusiak, baina, leku hori ez dela Espainiako bandera jartzeko egokia ebatzi du, eta "ohorezko lekuan, ikusteko moduan" jartzeko agindu dio Elgoibarko Udalari. Bigarren epai hori ere betetzea erabaki du Elgoibarko Udalak, “bere borontatearen aurka” izan dela nabarmendu badute ere. Hala, Kalegoen Plazara ematen duen balkoira leku aldatu dute Espainiako bandera. Gaur goizetik dago han jarrita, Europakoa, Gipuzkoakoa, Elgoibarkoa eta ikurrinaren ondoan.

1706636987442 Espainiako Bandera udaletxeko fatxada nagusian jartzera behartu du Udala Auzitegi Nagu

1706636987542 Espainiako Bandera udaletxeko fatxada nagusian jartzera behartu du Udala Auzitegi Nagu

Epaia salaketa mozioa
  EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia salatzeko, mozioa aurkeztu zuten EAJ eta EHBildu udal taldeek atzo ospatu zen Udalbatzarraren Osoko Bilkuraren ezohiko batzarrean (irakurri mozioa osorik PDFan).
Onartu egin zuten mozioa, EAJ eta EHBilduren aldeko botoekin, PSE-EEren abstentzioarekin eta PPko zinegotziaren aurkako botoarekin. Mozioak dioenez, elgoibartarren “gehiengoaren borondatearen aurka” doa Espainiako bandera Udalean zintzilikatzea eta “inposizio” bat da. Adostu dituzten akordioak ere jasotzen ditu mozioak, 2012ko martxoaren 30ean onartu zen mozioa “berrestea”, besteak beste. Bertan, Espainiako bandera jartzeko agindua desagertu arte ondoko plaka jartzea erabaki zuen Elgoibarko Udalak: “Herrialde bat herrialde bat da, bere iraganarekin eta etorkizunarekin, bertan bizi direnak hala sentitzen dutenean. Sinbolo bat sinbolo bat bakarrik da: logo bat, oihal zati bat, kolore batzuk. Batzuetan, banderak herri baten desioen ikur bilakatzen dira. Eta orduan bihurtzen dira erabilgarri, identitate bati lotutako sentimenduak eragiten dituztenean. Batzuetan, halere, banderek ez dute herritarren desioak ordezkatzen, indarrak edo legeak hala aginduta jartzen dira. Kasu horretan ere bere funtzioa betetzen dute, inposizioaren ikur bihurtzen direlako, elkarbizitza oztopatzen duten ezaugarriak gogoraraziz. Espainiako bandera Udalean jarri da bestela zigorra jasoko genuelako. Inposatutako ikur bat da. Elgoibartarren gehiengoaren borondatearen aurka jarri da, herritar horiek ordezkatzen dituztenen erabaki ahalmenaren kontra. Gehiengoaren borondatearen errespetu falta da, askatasun osoz erabakitzeko eskubidearen urraketa. Hor dago bandera, bizi dugun egoeraren ikur, jarri nahi ez zuenak jarrita, haizeak ironiaz mugitzen duena”.

‘Geurea ikurriña’
  Atzo onartutako mozioan ageri denez, Geurea ikurriña izeneko ekitaldi instituzionala egitea adostu dute herriko ordezkari politikoek. Ikurriña omendu eta “elkarbizitzarako egin duen ekarpena” aitortzeko antolatutako ekimena izango da. Martxoaren 7an izango dela aurreratu dute, 19:00etan. Herritarrei ekitaldian parte hartzeko deia egin diete sustatzaileek. Era berean, gainerako “udalerri euskaldunak” ere deitu dituzte egun horretan ikurriñaren aldeko ekimenarekin bat egiteko, eta eskatu diete ikurriña “lehentasunezko” lekuan jartzeko egun horretan.