2010ean Espainiako Gerrako eta frankismoko “genozidioagatik eta gizateriaren kontrako krimenengatik” Argentinan irekitako auziaren baitan, Frankismo aldiko krimenak ikertzen dihardu Argentinako Maria Servini de Cubria epaileak eta frankismoko biktimen testigantzak hartzen ari da egunotan. Frankismoko biktimak Argentinako kontsuletxeetan ari dira testigantzak ematen, bideo konferentzia bidez. Jon Etxabe elgoibartarrak martitzenean deklaratu zuen Madrilen, Argentinako enbaxadan.
•Zazpi egunez “mota guztietako torturak”
Etxabek epaileari kontatu dionez, 1969ko apirilean atxilotu egin zuten, eta zazpi egunez “mota guztietako” torturak jasan zituen. Galdeketen arduraduna Felix Criado Sanz polizia izan zen. "Aurreneko aldia da frankismoan jasandakoa erakunde ofizial baten aurrean kontatzeko aukera dudala. Alde horretatik pozik nago", esan dio Etxabek Berria egunkariari eginiko adierazpenetan. Dena den, frankismoko krimenen egileak epaitzea egun "ezinezkoa" dela iruditzen zaio. “Deklarazio hauek behintzat pauso bat dira".
Altzolarra da sortzez Jon Etxabe Garitazelaia (Altzola, 1933), baina Etxarrin bizi da. 1958-1968 bitartean apaiz izan zen, eta 1968an atxilotu egin zuten, ETAko kide izateagatik. Bost egunez torturak jasan ondoren, kartzelan sartu zuten preso, zortzi urtez. 70ean Burgosko prozesuan epaitu zuten, beste hamabost lagunekin batera, eta 50 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 1976an laga zuten libre, eta euskararen aldeko lanean murgildu zen gero. Eibarko ...eta kitto! euskara elkartea sortzeko talde eragileko kide izan zen, eta eskola publikoan D eredua sartu zuten taldekoa Elgoibarren. 1997tik, preso eta iheslarien eskubideen alde dihardu lanean.
- ELKARRIZKETA: irakurri Jon Etxabek BARREN aldizkariari 2011ko martxoan eskaini zion elkarrizketa.