Azken lau urteotan %25 egin du gora pobrezian daudenen kopuruak Hego Euskal Herrian, eta Elgoibarren ere izan du eragina gorakada horrek. Azken datuen arabera, %12,5ekoa da Elgoibarko langabezia tasa; 94 bat familiak eskatzen dituzte elikagaiak gizarte zerbitzuetan, eta iaz 11.000 kg. janari banatu zituzten Elgoibarren. Bestalde, etxe kaleratzeen gaia Elgoibarrera ere iritsi da, eta lau familia etxea galtzeko arriskuan daude. Egoera horrekin kezkatuta, prekarietatearen eta pobreziaren aurkako taldea sortu zuten hainbat elgoibartarrek orain dela pare bat urte, eta astero biltzen dira pobreziaren kontra lan egiteko.
Elgoibarko pobrezia egoeraren diagnosi zehatza egin nahi du taldeak, eta arazoari irtenbideak jarri ahal izateko pobreziaren mapa egin nahi dute. Udalari eskatu zioten prekarietatearen mahaia osatzeko, mapa hori hobeto egin ahal izateko, eta Udalak onartu egin zuen eskaera. Gizarteratzeko Mahaia sortu dute. Askotariko pentsaerako herritarrek osatzen dute, eta epe luzera lantzeko ardatzak zehazten ari dira.
Horrez gain, informazio kanpaina bat egiteko helburua jarri zioten taldeari. Izan ere, Elgoibarren talde asko dabiltza ongizate alorrean lanean, eta Udaleko Ongizate Sailak ere badihardu lanean, baina jende askok ez dauka informaziorik. Gauza bat dute argi: ez dute inor pobrezia egoeran laga nahi informazio faltagatik. Benetako informazio kanpaina bat egin nahi dute, Elgoibarko etxe guztietara iritsiko den informazio kanpaina. Laguntza mota asko daude, eta askok ez dituzte ezagutzen, eta ondorioz, ez dituzte eskatzen.
Informazio lortu eta zabaltzeaz gainera, kalera ere irtengo dira noizean behin, protesta egitera eta arazoa gizarteratzera, jendearen bistan jarriz. Kasu honetan belarrietan ere bai, protesta zaratatsua egiteko asmoa dute-eta, etxe kaleratzeen kontra eta prekarietate egoeran dauden bizilagunen egoera salatzeko.
- Informazio osoagoa: Bai posible da, erreportajea BARREN aldizkarian (896. zenb. 2014-02-14)