Helburu handiei helburu txikiagoak ere jarri behar izaten zaizkie alboan, eta horrela, ekainaren 8an Iruñea eta Durango batuko dituen giza-kate bat egitea da Gure Esku Dago dinamikaren lehen erronka. Horretarako, baina, herriz herri dinamika zabaldu eta giroa berotu beharrean gaude. Horregatik, poliki-poliki gure berri izaten joango zara, hemen, kalean, edo antolatuko ditugun ekintza desberdinetan. Bihar izango dugu lehenengo zita Kalegoen Plazan. 17:00etatik aurrera Plazan egongo baikara, interesa duzuen guztioi informazioa eman eta eskutik heltzeko. Baina oraindik honi buruz gehiegi entzun ez baduzu, hona hemen azalpen motz eta erakargarri bat. Zer da Gure Esku Dago?
Ilusioa sortu digu guri dinamika honek, eta ez gara bakarrak. Herri ugaritan aspaldi jarri ziren martxan, eta ikusi besterik ez dago zer nolako bideo eta ekimen politak sortu dituzten inguruotan. Ilusioa aipatu dugu, baina, eta horren adibidez, oraindik ikusi gabe badaukazu, ikusi dinamikaren bideoklipa, polit askoa da-eta.
Gaurko BARRENen alean ere erreportaje txukuna argitaratuko dute, beraz ez dugu asko gehiago kontatuko oraingoz. Hori bai, astero biltzen dihardugu, eta gure asmoa astero gehiago izatea denez, interesa piztu bazaizu eta elkarrekin lan egiteko gogoz bazaude, deitu 677898633 zenbakira edo idatzi iruzkin bat hemen bertan, eta jarriko gara zurekin kontaktuan.
Izango dugu elkarren berri!