Itsaspeko irudi eta Zinema Jardunaldiak egingo dituzte Elgoibarren, martxoaren 5etik 7ra

elgoibarren.net 2014ko ots. 25a, 10:50

 
Urbizi Elgoibarko Urpekari Elkarteak antolatuta, Itsaspeko Irudi eta Zinema Jardunaldiak egingo dituzte estreinakoz, martxoaren 5etik 7ra bitartean, Elgoibarko Kultur Etxean. Filmen emanaldiak, argazki erakusketa bat eta hitzaldiak izango dira jardunaldietan. Horiez gain, herritarrentzako urpekaritza saio bat ere prestatu du Urbizik, Olaizaga kiroldegiko igerilekuan.



 Kultur Etxetik irten gabe itsaspeko altxor ezkutuak ikusteko aukera izango dute Itsaspeko Irudi eta Zinema Jardunaldietara hurbiltzen diren lagunek. Urbizi elkarteak ur azpian grabatutako bost film eskainiko ditu jardunaldien barruan. Filmen emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.
  • 1706636961557 Itsaspeko irudi eta Zinema Jardunaldiak egingo dituzte Elgoibarren, martxoaren 5etik 7

    Martxoaren 5ean
    HMS Victoria Libano eta Minamari izeneko filmen emanaldiekin hasiko dira jardunaldiak. Hondoratutako itsasontzien inguruan eginiko urpekaritza saioei buruzko emanaldiak dira biak eta Daniel Arceniaga etorriko da lan horiek aurkeztera. Aurreneko ikus-entzunezkoak 1893tik Libanoko uretan hondoratuta dagoen HMS Victoria Royal Navyko itsasontzia du protagonista, eta Bizkaiko golkoan, Bermeo parean, ondoratu zen Mina Mari itsasontzia bigarrengoak. 1961eko otsailaren 13an, itsaso zakarra eta behe lainoaren ondorioz, hondoa jo zuen Matxitxakon, eta hondoratu egin zen.
  • Martxoaren 6ko emanaldian, berriz, katalanez eta euskaldunez osatutako urpekari talde batek Lleidako Forat de l'Or koban eginiko espeleourpekaritza saioa du kontakizun. Mikel Zabaleta etorriko da Elgoibarrera emanaldia aurkeztera eta xehetasun gehiago ematera. 
  • Martxoaren 7an azkenik, bi dokumental ikusteko aukera izango da. Getariako ur azpian gauez eginiko urpekaritza saioa azaltzen du batek, eta Mikronesian eginikoak besteak. Asier Etxezarraga etorriko da bi lan horiek aurkeztera.
Argazki erakusketa sotoan
  Jardunaldiek iraungo duten hiru egunetan, martxoaren 5etik 7ra, itsaspeko irudiz osatutako argazki erakusketa bat egongo da ikusgai Kultur Etxeko sotoan. Erakusketa bisitatzeko ordutegia, 18:00etatik 21:00etara izango da.

Urpekaritza bataioa Olaizagako igerilekuan. 2010eko irudia.

Urpekaritza bataioa martxoaren 8an
Itsaspeko sekretuak dokumentaletan edo argazkietan ikustearekin nahikoa ez dutenentzat, berriz, urpekaritza bataioa antolatu du Urbizik martxoaren 8rako, ur azpian izaten diren sentsazioak ezagutu ditzaten. Olaizaga kiroldegiko igerilekuan egingo dute eta 14 urtetik gorako edonork parte har dezake. Martxoaren 1a da izena emateko azken eguna. Izena emateko honako telefono zenbakira deitu behar da: 607 530 461.