Inauteriak ate joka dira

elgoibarren.net 2014ko ots. 25a, 21:48

Elgoibar Ikastolako euskal inauteriarekin hasiko dira aurtengo inauterietako ospakizunak datorren barixakuan, otsailaren 28an. Azken urteotako ohiturari jarraituz, euskal inauteria irudikatuko dute ikastolako ume eta irakasleek herriko kaleetan. Elgoibarko Ludotekak (ondoko argazkian) ere egitarau oparoa prestatu du mozorroen festarako, eta Mendaroko Gazte Asanbladak gazte inauteriak antolatu ditu martxoaren 1erako. (2013ko inauterietako zapatua irudiak dira goiko bideokoak)

 
  Inauteriak barixakuan hasiko badira ere gurean, gaur (otsailak 25) jarriko dute abian mozorro tailerra Ludotekan. Hala, gaurtik eguenera bitartean mozorro bat egiteko aukera izango dute Ludotekara hurbiltzen diren haurrek. Ludotekako hezitzaileek hiru mozorro eredu jarriko dituzte aukeran, eta horietako bat aukeratu beharko dute. Inauterien bueltan egitarau zabala prestatu dute Elgoibarko Ludotekan. Barixakuan, urtero legez, mozorro festa egingo dute. Mozorro lehiaketa, merendola eta dantzaldia egingo dituzte. Aurten gainera, lau sari nagusi banatuko dituzte ondoen mozorrotuta daudenei eta opariak zotz egingo dituzte parte hartzaileen artean. Datorren astelehenean, martxoaren 3an, Ludotekako zerbitzua egongo da ohiko ordutegian (16:30etik 19:30era), baina berezitasun batekin, ìRompe Ralphî filma eskainiko dute-eta Gaztelekuan (17:30). Azkenik, inauterietako martitzenean itxita egongo dela Ludoteka jakinarazi dute.

1706636960241 Inauteriak ate joka dira

Elgoibar Ikastolako euskal inauteria barixakuan izango da. 15:15ean irtengo dira ikastolatik, eta kantuan eta dantzan zeharkatuko dituzte herriko kaleak, Kalegoen plazara iritsi arte. Euria egiten badu –iaz bezala- Ikastolan izango da. Inauterietako ospakizun handiak, baina,  martxoaren 1ean iritsiko dira. Ume eta gaztetxoentzako ekitaldiak antolatu dituzte zapatu arratsalderako, eta gauerako, aldiz, 16 urtetik gorakoentzako ekintzak izango dira. Besteak beste, karaokea, Mauxitxaren kalejira eta erromeria izango dira. Azken urteetan bezala, mozorroen elkarretaratzea egingo dute inauterietako martitzenean Kalegoen plazan. Pailazoen emanaldia eta Mauxitxa txarangaren kalejira ere egongo dira.

Gazte inauteriak Mendaron
  Mendaroko Gazte Asanbladak gazte inauteriak antolatu ditu martxoaren 1erako. 12:30ean poteoa egingo dute; ondoren, bazkaria eta bazkalosterako jolasak antolatu dituzte. 19:00etan Kamel DJak jarriko du musika gaztetxean. Antolatzaileek mozorrotuta joateko deia egin dute, eta gaiak ere jarri dituzte: haurtzaroko pertsonaiak, famatuak, atzerritarrak edo zirkua.

•Inauterietako egitaraua
Otsailak 28, barixakua
  • 15:15etik 16:30era: Ikastolako haurren Euskal Inauteria. Kalejira eta dantza saioa Ikastolatik Kalegoen plazaraino. (Eguraldi txarra eginez gero, Ikastolan izango da)
  • 17:00etatik 19:30era: Mozorro Festa, merendola eta mozorro lehiaketa Ludotekan.
Martxoak 1, zapatua
  • 18:00: Atxutxikaraokea 0-12 urte bitarteko haurrei zuzendua, Kalegoen plazan. (euria eginez gero, Maalan) Antolatzailea: Atxutxiamaika.
  • 19:00etan: Mozorroen eta karrozen desfilea. Mauxitxa txarangarekin eta erraldoi, buruhandi eta zezenzikletekin. Maalatik hasiko da. 
  • 20:30ean: Txokolatada, Maalako parkean.
  • 23:00etan: Karaokea 16 urtetik gorakoentzat, Maalako parkean.
  • 23:30ean: Mauxitxa txarangaren kalejira, Kalegoen plazatik Maalako parkera.
  • 24:00etan: Erromeria Fan&Go taldearekin, Maalako parkean.
Martxoak 2, domeka
  • 18:00etatik 21:00etara: dantzaldia Gelatxo Orkestrarekin, Jubilatuen Biltokian.
Martxoak 4, martitzena
  • 16:30 Mozorroen elkartzea, Kalegoen plazan.
  • 16:45: Kiki, Koko ets Moko "Txontada Txondal dibertsioa eta jai" ikuskizuna Kalegoen plazan. Euria egiten badu: Maalan.
  • 18:15ean: mauxitxa txarangarekin kalejira, erraldoi, buruhandi eta zzezenzikletekin.
  • 18:00etatik 21:00etara: Gelatxo Orkestraren dantzaldia Jubilatuen Biltokian. Mozorro lehiaketa ere izango da eta bi sari banatuko dira ondoen mozorroturik daudenen artean.