Urko Aristi da Tokikomeko presidente berria

elgoibarren.net 2014ko ots. 26a, 16:57

 
Bi urtez Tokikomeko presidente izan ostean, Mikel Irizarrek Urko Aristi kazetariari eman dio lekukoa. Euskal Herri osoko 27 eragilek eta 47 komunikabidek osatzen dute Tokikom, tartean BARREN aldizkariak eta elgoiBARREN.net atari digitalak.


Tokikomek Aretxabaletan egin zuen batzar nagusia.

Toki Erakundeen Bateraguneak (Tokikom) joan den zapatuan egin zuen bigarren batzar Nagusia Aretxabaletan, eta besteak beste, presidentez aldatu dute. Hala, orain arte Mikel Irizarrek bete duen lekua beteko du aurrerantzean Urko Aristi kazetariak. “Orain arte Irizarren gidaritzapean egindako biderarekin guztiz ados egonik, norabide berdinean jarraitzeko konpromisoa hartzen dut, dagoeneko abiatutako egitasmoak sendotu, eta beste ekimen berriak abiaraziz", adierazi zuen Aristik.
 Izan ere, 2014 Tokikom "sendotzeko urtea" izango dela iragarri dute guneko ordezkariek. “Tokikom eratu genuenean, bi urteko epea eman genion egitasmoak etorkizunik ba ote zuen jakiteko. Egindako bideari erreparatuta, argi daukagu Tokikomek hartu dituela tokia eta funtzioa”, adierazi zuen presidente izateari utzi dion Mikel Irizarrek batzarrean.

 Mikel Irizarren berbetan Tokikomen lehen txanpa "indartsua" izan da: "Orain egindakoa sendotu behar da eta epe ertaineko plan bat landu. Uste dut badagoela aukera euskal hedabideak lankidetzan jartzeko eta horretarako oso mesedegarria izango da Tokikom indartzea".

 Esparru komunen kudeaketa, solaskidetza bateratua, eta garapen eta integrazio posibleen diseinua dira Tokikomen helburuak, eta horietan sakontzeko asmoa du guneak.

 

Lotura duten informazioak: