Sinuoseren inauterietako kontzertua barixakuan

elgoibarren.net 2014ko ots. 26a, 18:12

 
Ohiturari jarraituz, inauterietako kontzertu berezia eskainiko du Sinuosek barixakuan, otsailaren 28an. La extraña pareja izango da aurtengo ikuskizunaren izena. Sorpresaz beteriko emanaldia izango dela aurreratu dute antolatzaileek.

 
 


  1997an hasi ziren Patxi Zabaleta eta Iban Urizar inauterietan musika saio bereziak eskaintzen. Malape tabernan eskaini zuten kontzertua hasierako urteetan. Ondoren, Herriko Antzokia edota Toletxe taberna izan zituzten eszenatoki, eta azken urteotan Kultur Etxeko sotoan ematen dituzte musika saioak. Kontzertu desberdinak eta bereziak egiteko asmoz hasi ziren. Batzuk zaratatsuak, beste batzuk goxoak, arraroak beste zenbait, baina beti ere, musikaz gozatzeko asmoz antolatutako saioak izan ohi dira. Iaz esaterako, musika eta koloreak nahastu zituzten Kromoterapia izeneko ikuskizunean.
 Aurtengo inauterietarako ere musika saio berezia prestatu dute. La extraña pareja izena jarri diote prestatu duten ikuskizunari. Jack Lemmon eta Walter Mathau aktorek ezagun egin zuten La Extraña pareja filmetik hartu dute izena eta haiek dira Sinuoseren saioa iragartzeko kartelean ageri direnak.
 23:00etan hasiko da kontzertua  Kultur Etxeko sotoan, doan.