Aingeru Goardako jaiak ospatuko dituzte asteburuan Mendaron

elgoibarren.net 2014ko ots. 27a, 13:37

 
Kanpai jotze eta arbola sartzearekin hasiko dituzte Aingeru Goardako jaiak barixakuan, otsailaren 28an, Mendaron. Martxoaren 1ean, bestalde, Aingeru Guarda Egunean, mezak izango dira 8:00etan eta 11:00etan Aingeru Guardan bertan, eta 11:30ean Arnoatera korrika igoera egingo dute.

 


 Martxoaren 2an, bestalde, ermita inguruan batuko dira mendaroarrak. 12:00etan izango da meza nagusia, eta segidan, herri kirol saioa, musika eta bertsolarien saioa izango dira aukeran. Txosna ere jarriko du Aingeru Goardako jai batzordeak, eta hangoak amaitutakoan, 14:30ean, bertso bazkaria egingo dute aurrez izena emandakoek Aizpen. Izan ere, bertso bazkaria izango da eguneko beste ekitaldi nagusia. Iker Zubeldia eta Andoni Egaña bertsolariek girotuko dute bazkalordua.

Arnoatera korrika igoera
  Aingeru Goardako jaietarako prestatu duten egitarauaren barruan, Arnoateko Igoera antolatu dute martxoaren 1erako. 11:30ean irtengo dira korrikalariak Plaza auzotik, eta 500 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute, 4,5 kilometroko ibilbidean. Izenematea egunean bertan egin daiteke, lasterketa hasi aurretik. Parte hartzea doakoa izango da. Lasterketaren ondoren hamaiketakoa banatuko diete partaide guztiei. Iaz Arnoaterako bide bazterrak elurtuta zeudela egin zuten igoera 26 lagunek, eta bi korrikalari markinar nabarmendu ziren guztien gainetik, Josu Uriarte eta Joseba Plaza. Uriartek 51 segundoko aldea atera zion Plazari helmugan. Josu Uriartek 20 minutu eta 34 segundoan egin zuen igoera. Denbora horrekin, Oier Ariznabarreta durangarrak estreinako edizioan jarri zuen marka 8 segundoan ondu zuen.
2013ko Aingeru Goardako jaiak, irudietan:
 
 
Lotura duten albisteak: