Igon Manzisidor gailendu da Arnoateko IV. Igoeran

elgoibarren.net 2014ko mar. 1a, 18:38

Aingeru Goardako jaietarako prestatu duten egitarauaren barruan, Arnoateko Igoeraren laugarren ekinaldia jokatu zuten zapatuan Mendaron. Euriari aurre eginez, 22 lagun batu ziren irteeran, tartean proba honetan parte hartu duen estreinako emakumea, Maria Jose Castro debarra (ondoko argazkian). Hain justu ere, bere herrikide batek irabazi zuen proba: Igon Manizisidorrek. (argazkiak eta sailkapena dauzka)


Igon Manzisidor Arnoateko gainera bidean.

Euriak ez zuen atsedenik eman joan den zapatuan (martxoak 1), baina, hala eta guztiz 22 antxitxikari batu ziren Arnoateko IV. Igoeran parte hartzeko irteeran. Plaza auzoan hasi eta Arnoate gainera igo behar zuten korrikalariek. 4,5 kilometroko ibilbide aldatza da, errepidez oso-osoa. Igon Manzisidor debarra izan zen azkarrena, eta honenbestez, 2012an lortu zuen garaipena errepikatu zuen. Duela bi urte baino 21 segundu gutxiago (21:34) behar izan zituen Mansizidorrek igoera osatzeko, baina iaz Josu Uriartek ezarri zuen errekorretik (20:34) urrun geratu zen. Atzetik, bigarren postua lortzeko lehia estuan aritu ziren Ruben Bravo eta Jon Garate. Azkenean Arabatik etorri zen Bravok hartu zion aurrea Garate azkoitiarrari, 22:56ko denbora egin zuen lehenak eta 22:59 bigarrenak.
•Estreinako emakumezkoa
 Parte hartzaile kopurua aurreko edizioetako kopuruetan mantendu da aurten, baina izan da berrikuntza handi bat, estreinakoz emakumezko batek parte hartu duela, alegia. Izan ere, 2011n proba antolatzen hasi zirenetik hona, gizonezkoak izan dira beti parte harzaileak. Maria Jose Castro debarrak hautsi du joera hori. Sailkapeneko 19. postuan sailkatu zen 30:37ko denborarekin.
ARGAZKIAK: (Arnoateko IV. Igoera eta 2014ko Aingeru Goardako jaiak)