Ikurrinari gorazarre egingo diote barixakuan ‘Geurea Ikurrina’ ekitaldian

elgoibarren.net 2014ko mar. 5a, 10:38

 
‘Geurea ikurrina’ izeneko ekitaldi instituzionala egitea adostu zuten herriko ordezkari politikoek azken Udalbatzarraren Osoko Bilkuraren ezhohiko batzarrean. Datorren barixakuan (martxoak 7) izango da, 19:00etan, Kalegoen plazan; eta, sustatzaileek ekitaldian parte hartzeko deia egin dieteherritarrei. Ikurrinari “gorazarre” egiteko ekitaldia izango dela azaldu dute, eta, besteak beste, Jaime Arresek {orduko alkateak} 1977ko urtarrilaren 19an udaletxeko balkoian jarri zuen estreinako ikurrina (ondoko argazkian) berreskuratuko dute ekitaldirako.


 Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberria jakinarazi duenez, ikurrinari gorazarre egiteaz gainera, “zeharka” bada ere, EAEko Auzitegi Nagusiak Espainiako bandera udaletxeko fatxada nagusian jartzeko emandako agindua salatuko dute ‘Geurea ikurrina’ ekitaldian. EAJ eta EHBildu udal taldeek Auzitegi Nagusiaren epaia salatzeko mozioa aurkeztu zuten otsailaren 17an ospatu zen udalbatzarrean, eta onartu egin zuten. Mozio horretako puntuetako bat da ikurrina omentzeko antolatutako ekitaldia.

•Plaka bat eta 1977ko ikurrina
 Bi zati izango ditu barixakuan egingo duten ekitaldi instituzionalak. Lehenengo zatian, plaka bat ipiniko dute Kalegoen plazan; ez dute lekua zehaztu. Elgoibarko Udalak ikurrinaren inguruko bi mozio onartu zituen 1977an eta 2012an, eta horietan ageri diren pare bat esaldi idatzita izango ditu plakak.
Bigarren zatian, berriz, Elgoibarko udaletxeko balkoian jarri zuten lehenengo ikurrina, koadro baten barruan sartuta, udaletxeko pareta batean zintzilikatuko dute, pleno aretora igotzeko eskaileren alboko paretan, hain justu ere.

1977ko urtarrilaren 19an udaletxeko balkoian lehenengo aldiz ikurrina jartzea erabaki zuen udalbatzarra.

Ikurrina 1974an legeztatu zen eta Jaime Arresek jarri zuen udaletxeko balkoian lehenengo aldiz 1977ko urtarrilaren 19an, bera zen-eta Elgoibarko alkatea. Egun hartan ikurrinaren aldeko mozio bat onartu zuen Udalbatzak. Eta, plenoaren ostean, 19:20ak aldean, Jaime Arrese alkatea buru zutela udaletxeko balkoira irten zen udalbatza eta ikurrina jarri zuten estreinakoz udaletxeko balkoian. Ondoko argazkian ikus ditzakezue 1977ko Udalbatzar hartan parte hartu zuten zinegotziak: Constantino Romera, Jose Mari Galdos {Udaleko idazkaria}, Jose Arrizabalaga, Imanol Urain, Jose Uria Juaristi, Jaime Arrese {alkatea}, Angel Fernandez de Jauregi, Alejandro Alvarez, Pedro Lopez Murillo, Ignacio Mugerza eta Luis Bilbao.

 Ikurrinak dituen balioak “goraipatzea” dela 'Geurea ikurriña' ekitaldiaren helburua argitu du Alfredo Etxeberriak. “Inork ez du zalantzan jartzen erkidego honi egin dion ekarpena. Aho batez onartutako ikurra da, denok identifikatzen gara berarekin eta horrek on egiten dio bizikidetzari”, esan du.