Elgoibarko eraikinetan dauden ikur frankistak kenduko ditu Udalak

elgoibarren.net 2014ko mar. 5a, 19:07

 
Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, Urazandi, Kalamua, Artetxe eta Iñigez Karkizao kaleetako Frankismoko ikurrak kenduko dituzte. Aldiz, Morkaiko mendiaren tontorrean dagoen gurutze frankista ez dute eraitsiko.

 
 

 Espainiako Kongresuan 2007an onartu zen Memoria Historikoaren legeak sinbologia frankista kentzea ezarri zuen arren, Euskal Herriko herri eta hirietan mila baino gehiago geratzen dira oraindik, tartean Elgoibarkoak. Memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduen Elgoibar1936 taldeak ehun ikur frankista baino gehiago daudela gure herrian salatu zuen 2008an eta Elgoibarko Udalari horiek kentzeko eskatu zion.
 Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak azaldu duenez, legeak ez zielako lagatzen daude kendu gabe Frankismoko ikurrak Elgoibarren, hainbat eraikinetako fatxadetan dauden Frankismoko plakak, hain zuzen ere. Jaurlaritzak kaleratutako katalogo batek gure hiri eta herrietan oraindik ikus daitezkeen ikur frankistak zerrendatzen zituela azaldu du, baina horiekin zer egin zehaztu gabe. “Duela bi aste Jaurlaritzatik dokumentu berri bat jaso dugu: Euskal Autonomi Erkidegoan ikur frankistak kentzeko gomendioak. Hortaz, Elgoibarren dauden ikur frankistak kenduko ditugu”.
 Ikur frankistak dituzten eraikinetako bizilagunei jakinarazpenak bidaliko dizkiete lehenik. Bizi diren eraikinean ikur frankistak dituztela esango diete eta horiek kentzeko aukera dutela azaldu. Eurek kentzen ez badituzte udal langileek egingo dute lan hori. Kenduko den plakaren lekuan beste bat jartzeko aukera ere izango dute.
  50ko 60ko eta 70ko hamarkadetan Babes Ofizialeko hainbat etxebizitza bloke eraiki zituzten Elgoibarren, Pedro Mugurutza etorbidean eta Deba ibaiaren iparraldeko lurretan (Urazandin), bereziki. "Instituto Nacional de la Vivienda"k jarritako plakak dituzte horietako askok. Udalak emandako informazioaren arabera, honako kale eta etxeetan daude ikur frankistak:
  • Kalamua kalea (2,4,6,10,14,17 eta 19 zenbakietan)
  • Urazandi kalea (11, 13, 15, 17, 19, 20, 26, 41, 43 eta 45 zenbakietan)
  • Artetxe kalea (1. zenbakitik 8ra eta 10etik 28. zenbakira arteko ezkaratzetan)
  • Inigez de Karkizao kalea (1. zenbakitik 5. zenbakira)

1706636954887 Elgoibarko eraikinetan dauden ikur frankistak kenduko ditu Udalak

1706636954920 Elgoibarko eraikinetan dauden ikur frankistak kenduko ditu Udalak

1706636954952 Elgoibarko eraikinetan dauden ikur frankistak kenduko ditu Udalak

1706636955040 Elgoibarko eraikinetan dauden ikur frankistak kenduko ditu Udalak

Morkaikoko gurutzea
  Alfredo Etxeberriaren berbetan, ikur frankista guztiekin ezin da berdin jokatu eta adibidetzat Morkaiko mendiaren tontorrean dagoen gurutzea jarri du. “Askok ez dute jakingo gurutze horren istorioa, Frankismoarekin daukan lotura, barneratuta daukagu-eta. Gainera, Jaurlaritzaren gomendioak dio ez botatzeko, baina duen karga sinbolikoa kentzeko”.
Alfonso Carlos de Borbon y Orleans hil zen Morkaikon, 1936ko irailaren 27an, buruan tiro bat jaso ondoren. Borboidarren familiako kidea {Juan Carlos I.a erregearen amaren anaia zen} Nafarroako reketeen taldearekin ibili zen 36ko Gerran errege-alferez gisa. Morkaiko mendia pozisio gutiziatua eta garrantzitsua zen eta hura menperatzeko bi bandoen arteko borrokan hil zuten. Bere omenez eraiki zuten Frankistek gurutzea Morkaikoko tontorrean. Gertakizun honen inguruko informazio osoagoa aurkituko duzue Jose Maria Villajos Ruizek Alfonso Carlos de Borbon y Orleansi gorazarre egiteko idatzi duen artikuluan.

Seme kuttun izendapenen berrikustea
 Frankismoan eginiko herriko seme kuttun izendapenak ere berrikusiko ditu Udalak, udal artxiboak berriz aztertuz. Ildo horretan, Pedro Muguruzari seme kuttun izendapena kentzeko mozioa aurkeztuko dutela aurreratu du Alfredo Etxeberriak. Alabaina, arkitekto elgoibartarraren izena daraman kaleari ez diote izenek aldatuko. 
Lotura duten albisteak: