Debabarreneko Lanbide Heziketaren Mahaiak {Armeria Eskola, PCPI Eibar, PCPI Ermua, IES Uni Eibar-Ermua eta Elgoibarko IMH eta Meka GLHBI} jakinarazi du Lanbide Heziketako ikastetxeetan ikasle kopuruak %15 egin duela gora 2012-2013 ikasturtean. 1.501 ikasle daude une honetan matrikulatuta, aurreko ikasturtean baino 190 ikasle gehiago.
Mahai horren esanetan, datu horrek erakusten du Lanbide Heziketa kalitatezkoa dela eta krisi garai honetan enpresek dituzten beharretara ondo egokitzen dela, enpresei erantzun “dinamikoa eta berritzailea” eskaintzen dielako eta Debabarrenako Lanbide Heziketak espezialitate eskaintza zabala eskaintzen duelako. Gaur egun, 40 ziklo formatibo inguru eskaintzen dira gure eskualdean, eduki teoriko zein praktikoekin. Eta Lanbide Heziketaren sustapenerako ekimenen barruan, Debabarrenako LH Mahaiak ate irekien jardunaldiak antolatu ditu datozen hilabeteetarako. IMHn, apirilaren 5ean eta maiatzaren 24an egingo dituzte, 11:30etik aurrera, eta MEKAn, maiatzaren 9an, egun osoan zehar.
•Abian azoka, bi urtez behin
2013ko martxoan egin zen Debabarrenako Lanbide Heziketako lehenengo azoka: ABIAN. Azoka hark bi helburu zituen: batetik, eskualdeko eskaintza formatiboa aurkeztea, eta bestetik, Lanbide Heziketa lan merkatuaren beharrizanei ondoen egokitutako ikasketa gisa nabarmentzea, Lanbide Heziketaren eta enpleguaren arteko lotura erakustea, azken batean. Ekimenak iraun zuen hiru egunetan, bigarren hezkuntzako 600 bat ikasle jaso zituen azokak, baita hainbat guraso, orientatzaile, formatzaile eta langabe ere. Hori dela eta, balorazio positiboa egin dute antolatzaileek eta aurrerantzean ere egiten jarraitzea erabaki dute. Bi urtez behin antolatuko dute aurrerantzean ABIAN, eta beraz, hurrengo edizioa 2015ean izango da.
- Informazio osoagoa: debegesa.com