Emaitza eta joko bolada onean iritsiko da Alcorta Eibarren aurkako derbira, azken bost partidak errenkadan irabazi dituzte-eta. Urtarrilaren erdi aldera Alcortako entrenaitzaile Gojko Vucinicek erronka bota zien jokalariei: hurrengo bost partidetan jokoan zeuden 10 puntuak lortzea. Esan eta egin. Hamalaugarren jardunaldian sailkapeneko 8. postuan zeuden elgoibartarrak, 13 punturekin; une honetan (20. jardunaldian) laugarren postuan daude 24 punturekin. (ikus sailkapena)
Lehen bi sailkatuek jokatuko dute igoera fasea eta bigarren postuan sailkatuta dagoen Dominicos taldeak zortzi puntuko aldea du elgoibartarrekiko. Hain zuzen ere, liderraren aurka jokatu ostean, Dominicos taldearen aurka jokatuko du Alcortak. Hortaz, hurrengo bi jardunaldiak erabakigarriak izango dira. Hori bai, etxetik kanpo jokatuko ditu biak Sanloko gizonezkoen talde nagusiak. Aldiz, sailkapeneko beheko partean sailkatuta dauden taldeen aurka lehiatuko da azken jardunaldietan.
Elgoibartarren eta eibartarren arteko lehiari dagokionez, lehen itzulian eibartarrak garaitzea lortu zuten elgoibartarrek Olaizaga kiroldegian jokatu zuten partidan. Une honetan eibartarren aurka galdu ez duen talde bakarra da Alcorta. Somos Eibar Eskubaloi taldeak bi partida bakarrik galdu ditu eta beste bat berdindu. Gainerako 17 partidak irabazi egin dituzte.