Ikurrinak elgoibartarren babesa jaso du 'Geurea Ikurrina' ekitaldian

elgoibarren.net 2014ko mar. 7a, 22:48

Elgoibarko Udalaren deiari erantzunez, dozenaka elgoibartarrek parte hartu dute gaur arratsaldean Kalegoen plazan egin duten 'Geurea Ikurrina' ekitaldi instituzionalean. Plaka bat jarri du Udalak plazan, EAEko Auzitegi Nagusiak Espainiako bandera udaletxeko fatxada nagusian jartzeko emandako aginduarekin bat egiten ez dutela salatzeko, eta plakan idatzita dagoena irakurri dute ekitaldian.


 EAJ eta EHBilduk adostutako mozio batean jasotako ekitaldia zen 'Geurea ikurriña', baina bi alderdi horietako ordezkariez gainera, PSE-EE alderdiko Nerea Alustiza zinegotziak ere parte hartu du ekitaldian. Ikurrinari "gorazarre" egiteko ekitaldian parte hartu du era berean Markel Olanok ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNVren bozeramailea eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusi ohiak.

 Alfredo Etxeberriaren berbekin hasi dute ekitaldia eta ondoren, Kalegoen plazan jarri duten plakan idatzita dagoena irakurri du jendaurrean Maialen Astigarragak. Agintarien eta udaletxeko balkoian jarri duten ikurrina handi baten aurrean aurreskua dantzatu dute gero Haritz dantza taldeko bi kidek. Aurreskuaren ostean euskal abestiak kantatu dituzte bildutakoek kale kantarien laguntzarekin.

 Amaieran, udal ordezkariek argazkia atera dute Jaime Arresek 1977ko urtarrilaren 19an udaletxeko balkoian jarri zuen estreinako ikurrinaren azpian. Koadro baten barruan sartu dute ikurrina eta udaletxe barruko pareta batean zintzilikatu dute.Horixe izango du kokaleku berria aurrerantzean.
'Geurea Ikurrina' ekitaldia, argazkitan: