Geoparkeak garapen jasangarrirako estrategien aldeko apustua egiten duten lurraldeak dira, euren balio natural eta kulturaletan oinarriturik. Euskal Kostaldeko Geoparkea, Euskal Herrian zein Kantaurialdean lehendabizikoa, asmo hauek Zumaia, Deba eta Mutrikuko herrietan praktikan jartzeko izpirituarekin eratu da. Izan ere, euskal Kostaldeko Geoparkeak ondare geologiko, paisajistiko eta kultural aberatsa du eta benetako aurkikuntza bidaia eskaintzen du, Flysch eta Karstetik abiatuta, kultura eta tradizioekin jarraitzeko.
Geoparkearen irudia zabaltzeko asmoz, bide seinaleak jarri dituzte Geoparkearen eremura sartzeko sarrera nagusietan. Lanak oraindik amaitu ez dituzten arren, dagoeneko kartelak ikusgai dira hainbat tokitan, hala nola, A8 autobidean, Zumaia parean, N-364 errepideko zenbait puntutan eta beste bigarren mailako errepideetan, beti ere, Geoparkearen eremurako sarbideetan. Seinale horietako bat Mendarotik Debara bidean jarri dute.
•Geoparkearen irudia zabaltzeko
Leire Barriuso, Geoparkeko gerentearen hitzetan, “ekimen honekin Geoparkearen irudia zabaltzeko urrats berri bat eman dugu eta, era berean, gonbidapen bat ere bada, balio geologiko, natural eta kultural handia duen lurralde honek eskaintzen dituen aisialdirako aukera anitzak ezagutzera emateko, bisitariek Euskal Kostaldeko Geoparkeaz goza dezaten”.