Hogeita hamar emakumek parte hartu zuten frontenis maratoian

elgoibarren.net 2014ko mar. 12a, 13:46

 
Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintzen artean, frontenis maratoia egin zuten Mendaron joan den martxoaren 8an. Mendaroko Udalak eginiko deialdiak arrakasta izan zuen eta 30 lagun batu ziren Goñati pilotalekuan. Etenik gabe 33 frontenis partida jokatu zituzten goiz osoan.



1706636928175 Hogeita hamar emakumek parte hartu zuten frontenis maratoian

Lehia baino gehiago, emakumeak kirola egitera bultzatzea zen frontenis maratoiaren helburu nagusienetakoa. Izena eman zuten 30 lagunekin 15 bikote osatu zituzten eta hiru multzotan banatuta jokatu zuten elkarren aurka maratoiaren lehen zatian. Zazpi minutuko partidak jokatu zituzten eta denbora hori amaitutakoan markagailuan aurretik zihoan bikoteak irabazten zituen jokoan zeuden puntuak.
 Hala, bigarren zatian, multzo bakoitzeko bikoterik onenek eta puntu gehien lortu zituen bigarren sailkatuak jokatu zituzten finalerdiak. Finalerdiak jokatu ostean, Sonia Tomas eta Miren Artxetxe debarrek osatutako bikotea eta Edurne eta Maite Olazabal ahizpa mendaroarrek osatutakoa sailkatu ziren finalerako (ondoko argazkian). Azken partidan debarrak nagusitu ziren.
 Antolatzaileak gustura agertu dira eta giro eta umore onean joan zela frontenis txapelketa esan dute.