Iñigo Larizek Andres de Regil eski zeharkaldia irabazi du bigarrengoz

elgoibarren.net 2014ko mar. 17a, 13:53

Andres de Regil eski zeharkaldia jokatu dute asteburuan Europako Mendietan. Zapatuko eta domekako probak irabazi ostean, Iñigo Lariz elgoibartarrak eta Antonio Alcalde madrildarrak osatutako bikoteak eskuratu zuen sailkapen nagusiko lehen postua. Beste elgoibartar bat ere igo zen podiumera, Arkaitz Iruretak hirugarren postuan sailkatzea lortu zuen-eta Javi Dominguez sokalagun zuela. (elgoibartarren sailkapena dauka)



Arg: Santiago Yaniz.

Iaz Mikel Navarro urretxuarra bikotekide zuela irabazi zuen Iñigo Larizek Andres de Regil eski zeharkaldia. Aurten, Navarro min hartuta dagoela-eta, Antonio Alcalde madrildarra izan du sokalagun elgoibartarrak. Bikotekide berria baina emaitza bera, Larizek eta Alcaldek nagusitasunez irabazi dute-eta Andres de Regil zeharkaldiaren 39. ekinaldia. Azken urteetan ez bezala, eguraldi eguzkitsua izan dute bidelagun aurten eskiatzaileek asteburu osoan. Zailtasunik handienak Llambrion tontorrerako bidean topatu zituzten. Elurra gogortuta zegoen eta erorikoak izan zituzten hainbat parte hartzaileek.
 
Arkaitz Irureta txapeldunorde

Lariz eta Irureta asteburuko lorpenak ospatzen.

Zapatuko proban, 20 kilometroko ibilbidean, Lariz eta Alcalde izan ziren azkarrenak, 2:27:34 denborarekin. Bederatzi minutuko aldea atera zieten bigarren postuan sailkatu ziren Iñigo Martinez De Alborni eta Igor Alzelairi, biak Euskal selekzioko kideak. Proba hori, gainera, Euskal Herriko bikotekako txapelketa ere bazen, eta Arkaitz Iruretak eta Javi Dominguezek bigarren postua eskuratu zuten {Larizek madrildar batekin bikote egin zuenez, sailkapenetik kanpo geratu zen}. Arkaitz Iruretak bere blogean (Ikusi Mendizaleak ) idatzi ditu Andres de Regil eski zeharkaldiko kronika eta bizipenak.
  Bigarren egunean, domekan, proba motzagoari aurre egin behar zieten parte hartzaileek. Horietan ere primeran moldatzen direla erakutsi zuten Larizek eta Alcaldek eta hiru minutuko aldea atera zieten bigarrengoei. Azkenean, beraz, 2:58:46 denboran errenditu zituzten bi egunetako lanak, Iñigo Martinez De Alborn eta Igor Alzelaik baino 12 minutu gutxiagoan, hain zuzen ere.

Elgoibartarren sailkapena
 Larizekin eta Iruretarekin batera, beste elgoibartar batzuek ere parte hartu zuten zeharkaldian Morkaiko mendi taldearen izenean: Iñaki Laskurain eta Joseba Elustondo 28. postuan sailkatu ziren (5:27:24), eta Aitor Azkue eta Ioritz Conde 33. postuan (6:31:17) sailkatu ziren. (sailkapen osoa)