Elgoibarko Lanbide Heziketaren Jardunaldiak gaurtik apirilaren 4ra arte

elgoibarren.net 2014ko mar. 18a, 09:51

Elgoibarko Udalak lanbide Heziketaren jardunaldiak antolatu ditu bosgarren urtez, herriko industria eta prestakuntza sustatzeko. Horren harira, bigarren hezkuntza ikasten ari diren ikasleentzako eta haien gurasoentzako informazio eta jarduera kanpainak egin izan dituzte azken lau urteotan, eta aurten ere gauza bera egingo dute. Gaurtik (martxoak 18) apirilaren 4ra bitartean lanbide Heziketari lotutako hainbat ekitaldi antolatu dituzte.


Gaur hasiko dira Lanbide Heziketaren V. Jardunaldiak. IMHko eta Mekako prestakuntza eskaintzari buruzko bilera irekia egingo dute. DBH 4. mailako eta batxilergoko ikasleentzako eta gurasoentzako saioa da, baina langabetuek eta interesa duen edonork har dezake parte. 19:00etan izango da, Arreiturre-Mekako bilera gelan (Bernardo Ezenarro eraikinean).

Ate irekiak
Informazio bilerez gain, ikasleek eta gurasoek heziketa zentroak ezagutzeko aukera ere eskainiko dute. IMHko ate irekiak apiralean 5ean (11:00), maiatzaren 24an (11:00), maiatzaren 28an (18:00) eta ekainaren 11n izango dira. Meka Albitxuri eta Meka Arreiturreko eraikinak, bestalde, maiatzaren 9an egongo dira zabalik, goizeko 9:00etatik aurrera.