Morkaiko mendizale taldearen deiari erantzunez, 35 ume eta beste horrenbeste guraso igo ziren joan den zapatuan Sargoatera. Morkaikok Sargoateko iturriaren bueltan erosi duen lur sailean 50 zuhaitz landatu zituzten ume eta helduek, iturria eta inguruak berreskuratzeko Morkaikok hasitako auzolanari jarraipena emanez. Eguraldi txarraren ondorioz bi alditan atzeratu behar izan dute irteera, baina oraingoan alde izan zuten eguraldia, eta goiz pasa ederra pasa zutela azaldu dute mendi taldeko arduradunek.
Pago arbolak landatu zituzten bereziki, 35 zuhaixka, hain justu ere. Beste zuhaitz mota batzuk ere landatu zituzten, ordea: bost intxaurrondo, bost urki, bost lizar, bi haritz, hiru gereziondo eta ginkgo bat. Morkaikoren web gunean ikus ditzakezue argazkiak.
•Zuhaitz Eguna Albitxurin
Gaur, berriz, 32 zuhaitz landatu dituzte Zuhaitz Egunean parte hartu duten Elgoibarko eskola umeek. Albitxuriko industriagunera bidean landatu dituzte, azken urteetako ohiturari eutsiz. Zuhaitzak landatzerakoan Udaleko langileen eta zentroetako irakasleen laguntza izan dute LH 6. mailako ikasleek. Amaieran, txartel batean euren izenak jarri eta enborretik zintzilik laga dute, nork landatua izan zen oroigarri moduan. Basoen Nazioarteko Eguna martxoaren 21ean ospatuko da. Elikadura eta Nekazaritza Erakundea (FAO) osatzen duten estatuek 1971. urtean ezarri zuten martxoaren 21a Basoen Nazioarteko Egun.
Zuhaitz Eguneko argazkiak:
∞Lotura duten albisteak:
- Elgoibarko ikasleek 27 zuhaitz landatu dituzte Albitxurin (2013-03-19)
- Hogei urki eta hogei gereziondo landatu dituzte ikasleek Zuhaitz Egunean (2012-03-23)
- Ikasleek 40 zuhaitz landatu dituzte Zuhaitz Egunean (2011-03-24)
- 25 haritz gehiago ‘Zuhaitz Eguneko basorako’ (2010-03-18)
- 25 bat haritz landatu dituzte Albitxurin Zuhaitz Eguna dela-eta (2009-03-17)
- 30 lizar landatu dituzte Albitxurin Zuhaitz Egunean (2008-03-13)