Eli Ibarrak 300 norgehiagoka jokatu ditu Athleticekin Ligan

elgoibarren.net 2014ko mar. 19a, 13:57

 
Eli Ibarra Athleticeko jokalari elgoibartarrarentzat partida berezia izan zen joan den asteburuan Lezaman Valentziaren aurka jokatu zuena, Bilboko taldearekin ligan jokatu zuen 300. partida izan zen-eta. Bera da Athleticekin partida gehien jokatu dituen emakumea. Goleatzaileen zerrendan ere goian dago, bigarren postuan, hain justu ere, 105 gol sartuta, horietako 98 ligan.

 

Eli Ibarrak hamabi sasoi daramatza Athleticen, emakumeen taldea sortu zutenetik, hain zuzen ere. Bera eta Iraia Iturregi dira hasierako taldetik geratzen diren bakarrak {Itziar Gurrutxaga elgoibartarra ere bazegoen lehen talde hartan, baina 2008an laga zuen futbola}

1706636919963 Eli Ibarrak 300 norgehiagoka jokatu ditu Athleticekin Ligan

Eli Ibarrak 32 urte dauzka une honetan eta 336 norgehiagoka jokatu ditu Athleticekin 2002tik hona: 300 Ligan, 25 Espainiako Erreginaren Kopan eta 12 partida Europako txapelketetan. Joan den asteburuan Valentziaren aurka Lezaman jokatu zuten Superligako partidan ailegatu zen Ibarra 300. partidara –Athleticek erraz gainditu zuen Valentzia (3-0)- .
  Ibarrak lau liga irabazi ditu orain arte Athleticekin (2003, 2004, 2005 eta 2007). Lorpen horietan funtsezkoa izan da gainera Ibarraren parte hartzea, taldearen historiako bigarren goleatzaile nagusia baita 105 gol sartuta, eta hori erdilari postuan jokatuz. Erika Vazqez taldekidea bakarrik dauka aurretik, hura baita goleatzaile nagusia 197 golekin. (Eli Ibarraren fitx a eta estatistikak)

 Une honetan bigarren postuan sailkatuta dago Athletic liga txapelketan, 56 punturekin. Bartzelona da liderra, 64 punturekin. Sailkapeneko lehenengo biek hurrengo jardunaldian jokatuko dute elkarren aurka, Bartzelonan, martxoaren 26an.