Fiskaltzak epaiketan azaldutakoaren arabera, 2011ko abuztuaren 18an, 15:45ean, izan zen ustezko bortxaketa Mendaroko landa eremu batean. Sasoi hartan 70 urte zituen akusatua eta ustezko biktima, nikaraguar jatorriko etorkina, Mendaroko tren geltokian elkartu ziren, lan eskaintza bati buruzko xehetasunen inguruan berba egiteko. Fiskaltzak epaiketan aurkeztutako bertsioaren arabera, pertsona helduak zaintzeko lan eskaintza egin zion gizonak emakumeari. Batu zirenean, ordea, Mendaro inguruko baso eremu bereizi batera eraman zuen. Han, ustez, guraize batzuekin mehatxatu zuen emakumea, eta bortxatu egin zuen preserbatiboa erabiliz. Gero, tren geltokiraino eraman zuen berriz emakumea. Ihes egin ez zezan eta gertaturikoa salatu ez zezan guraizeekin mehatxatu zuen geltokiraino elkarrekin egin zuten bidean.
Akusatuaren defentsak onartu zuen epaiketan sexu harremanak eduki zituztela, baina emakumeak emandakoaren oso bestelakoa da akusatuaren abokatuak epaileari azaldu zion bertsioa: bi egunetan eduki zituztela sexu harremanak eta bietan diruaren trukean izan zirela. Horietako batean diru gehiago eskatu ei zuen emakumeak eta salatu egingo zuela mehatxatu.
Fiskalak biktimak gertaeren kontaketa egiterakoan erakutsi duen “koherentzia” eta “irmotasuna” nabarmendu zituen epaiketan. Egunkarian jarri zuen lan eskaintza etxeko lanak egiteko izan zela eta ez zetorrela harremanetarako atalean azaldu zuen fiskalak eta emakumearen kontaketa berresten du horrek. Fiskalak, gainera, “behar gorrian” zegoela emakumea gogora ekarri du, bere herrialdetik irten eta hilabetera jasan baitzuen ustezko bortxaketa. “Beldurarren” eta “ezjakintasunaren” ondorioz, ez zekiela nora edo norengana jo horrelako gertakari bat bizi eta gero gaineratu zuen. *Iturria: diariovasco.com
∞Lotura duten albisteak:
- Ia urte eta erdiko zigorra ezarri diote gazte bati, Elgoibarren andre bati sexu erasoa egiteagatik (2013-10-30)
- Bi gazte atxilotu dituzte Elgoibarren sexu-erasoa egotzita (2013-01-07)
- Elkarretaratzea emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko (2012-10-04)
- Gazte bat atxilotu dute Elgoibarren, bikotekideari eraso egitea egotzita (2012-10-02)
- ‘Herritarren segurtasuna eta elkarbizitza hobetzeko’ neurriak indartu ditu Elgoibarko Udalak (2012-09-28)
- Elkarretaratze jendetsua, emakumeen aurkako erasoak salatzeko (2012-09-25)
- Bortxaketa salaketa bat ikertzen ari da Ertzaintza (2012-09-24)
- Urtebeteko kartzela zigorra Mendaroko ume bati sexu erasoa egiteagatik (2010-05-11)