Jasone Osoro aukeratu dute Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari

elgoibarren.net 2014ko mar. 24a, 12:15

Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) batzar orokorra egin du joan den asteburuan Baionan, eta, besteak beste, datozen lau urteetarako lehendakari berria aukeratu zuten: Jasone Osoro elgoibartarra. Era honetan, Ander Iturriotzen lekua beteko du Osorok. 2010etik zegoen Iturriotz karguan.


 Euskal Idazleen Elkarteak jakinarazi duenez, duela bi urte berarekin batera Zuzendaritza Batzordean hasitako kide gehienek jarraituko dute taldean, eta hori dela-eta onartu du postua Jasone Osorok. Zuzendaritzan bidelagun izango ditu Joxemari Karrere, Pako Aristi, Cristina Lasa, Josune Muñoz, Asier Serrano eta Jon Martin.
 1982an sortu zen EIE, Donostian, eta gaur egun 380 bazkide ditu. Euskal idazleen eskubide profesional eta moralak defenditzeko asmoz egituratu zuten elkartea, eta horrez gain, beste hauek ere badira bere xedeak: euskal literatura zabaltzea Euskal Herrian nahiz atzerrian, idazlearen lanaren proiekzio soziala bideratzea eta euskalgintzaren eragile aktiboa izatea. Honakoak dira besteak beste, EIEk gizarteari eskaintzen dizkion egitasmoak: 'Hitzen uberan' interneteko ataria, 'Idazleak ikastetxeetan' programa, 'Literatura jarduerak' programa, 'Irakurrieran' irratsaioa, 'Hegats' literatura aldizkaria, Galeusca, 'Poesia orduak' Donostian eta Euskal Liburuaren Gaua-'Dabilen elea'.

Jasone Osororen ibilbidea

Argazkia: Maider Egues.

Informazio Zientzietan lizentziaduna, kazetari lanetan aritu izan da hainbat urtez Jasone Osoro (Elgoibar, 1971). Elgoibarko BARREN astekarian egin zituen kazetari lanak bost urtez eta telebistan ere aritu izan da, aurkezle zein gidoilari eta urteak daramatza egunkari eta aldizkarietan zutabeak idazten.
 Bere lehen literatura lana 1998an kaleratu zuen, Tentazioak. Liburu horrek jaso zuen Bilboko Liburu Azokaren Zazpi Kale saria, liburuaren egunean gehien saldu zen euskarazko argitalpena izateagatik. 2000. urtean Igartza Bekarako akzesit bat lortu zuen. Beka horri esker, Korapiloak narrazio laburren eta poesien liburua argitaratu ahal izan zuen. Lan horrek Zilarrezko Euskadi Sariarekin saritua izatea ekarri zion. (Biografia osoa: jasoneosoro.com)