Gazteen ekimenetarako diru laguntzetarako eskaerak aurkezteko epea ireki du Elgoibarko Udalak

elgoibarren.net 2014ko mar. 25a, 14:54

 
Elgoibarko Udalak onartu ditu gazteen ekimenetarako diru laguntzak, eta eskaerak aurkezteko epea apirilaren 11n amaituko dela iragarri dute. Hamahiru eta hogeita hamar urte arteko gazteek egin ditzakete eskaerak eta onartuko dituzten ekimenak aurrera ateratzeko 4.000 euroko diru partida onartu du Udalak.


 Haurrei, nerabeei eta gazteei garatzeko aukera, eta aldi berean, haurtzaroaz, nerabezaroaz eta gaztaroaz gozatzeko "aukera etengabea eta egonkorra" eskaintzea da Elgoibarko Udaleko Gazteria Sailak gazteen ekimenak sustatzeko egin duen diru-laguntza deialdiaren helburua.
 Dagoeneko argitaratu dituzte diru-laguntzak emateko oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta eskaerak aurkezteko epea apirilaren 11n amaituko da. Gazteen ekimenak sustatzeko diru-laguntza eskaerak honako helbidean aurkeztu behar dira: Herritarrentzako Arreta Bulegoan dagoen Udalaren Erregistro Nagusian (Santa Ana kalea, 2), astelehenetik barixakura, 09:00etatik 13:00etara.
 Aurkeztutako proiektu bakoitzak 1.000 euroko laguntza jaso dezake gehienez, 4.000 euroko poltsa osotik. Informazio gehiagorako gazteria@elgoibar.net edo gazteinformazioa@elgoibar.net