Laukok seigarren postuan amaitu du Liga, Zilarrezko Ohorezko mailan egin duen lehen denboraldian

elgoibarren.net 2014ko mar. 25a, 15:05

Sanloko bi talde nagusiek, Lauko nesken taldeak eta Alcorta mutilen taldeak etxean jokatu zituzten euren partidak azken jardunaldian. Laukorentzat ligako azken partida izan zen, eta etxeko lanak eginda ailegatu ziren arren –mailari eustea lortu dute- ezin izan zuten txapelketako liderra mendean hartu. Alcortak, aldiz, garaipen argia lortu zuen Santoñaren kontra.


  Zilarrezko Ohorezko mailan jokatu du estreinakoz Lauko nesken taldeak aurten, sekula jokatu duten mailarik gorenean, alegia. Ohorezko maila bakarrik dago gainetik. Aurkari gogorrei eta bidaia luzeei egin behar izan diete aurre elgoibartarrek, Lanzarote, Kantabria edo Errioxako taldeen aurka neurtu dituzte-eta indarrak. Ligako hamasei jardunalditan zazpi partida irabazi eta bederatzi galdu ostean, sailkapeneko seigarren postuan amaitu dute Liga txapelketa, 14 punturekin. Izatez, jardunaldi bat falta da liga amaitzeko, baina Laukori atseden hartzea tokatzen zaionez, joan den zapatuan Olaizaga kiroldegian jokatu zutena izan zen azken partida elgoibartarrentzat. Datorren urtean ere Zilarrezko Ohorezko mailan egongo direla ospatu nahi zuten zaleen aurrean, Beti Onak liderraren aurka garaipena lortuz, baina nafarrek ez zuten gupidarik izan eta 18-34 irabazi zioten Laukori, erakustaldia emanez.
  Laukok 376 gol sartu ditu ligan eta 429 gol jaso dituzte. Taldeko goleatzaile onenak Ainhitze Etxeberria eta Lara Urain izan dira, 85 eta 75 golekin, hurrenez hurren. Espainiako Eskubaloi Federazioaren webgunean ikus ditzakezue Lauko taldeko jokalari bakoitzak sartutako gol kopurua.

Alcorta laugarren postuan sendo

1706636893388 Laukok seigarren postuan amaitu du Liga, Zilarrezko Ohorezko mailan egin duen lehen de

Alcorta Forging Group gizonezkoen senior taldea bigarren itzuli aparta egiten ari da. Duela bi aste ezin izan zuten Somos Eibar liderrari eginiko bisitan garaipena lortu, baina azkenaurreko jardunaldian, Zaragozara eginiko bidaian 35-39ko emaitza lortu zuen Dominicos taldearen aurka, hirugarren jardunalditik partidarik galdu gabe zegoen sailkapeneko bigarren sailkatuaren aurka, hain justu ere.
 Joan den asteburuan Kantabriako Santoña taldea hartu zuten etxean Gojko Vucinicen mutilek eta garaipen argia (28-21) eskuratu zuten. Honenbestez laugarren postuan sendo jarraitzen dute elgoibartarrek. Zoritxarrez, liderraren eta bigarren sailkatuaren arteko lehian 34-35 galdu zuen Somos Eibarrek Dominicos taldearen aurka. Hala 39 puntu dituzte eibartarrek sailkapenean eta 35 aragoarrek, Alcortak baino zazpi puntu gehiago. Hiru jardunaldi bakarrik geratzen direnez, jokoan dauden sei puntuak eskuratuta ere, 34 puntu eskuratu ditzake, gehienez ere, Alcortak. Hortaz, igoera fasea jokatzeko aukerarik ez dute.
  Hurrengo jardunaldian Quiron Askartzari bisita egingo dio Alcortak eta Amazsa Urdaneta (etxean) eta Tolosa taldeen aurka jokatuko du azken bi jardunaldietan.