Iñaki Retolaza izan da hamar zine-bonu txartel bete dituen lehenengoa

elgoibarren.net 2014ko mar. 25a, 16:27

Zinezalea da oso Iñaki Retolaza. Ia astero joaten da zinera, aste berean birritan ere bai batzuetan. Bere zaletasuna asetzeko ez dauka, gainera, herritik larregi urruntzeko ohiturarik, Elgoibarko Herriko Antzokian ikusten ditu-eta pelikulak. Hori dela-eta, ez da harritzekoa bera izatea hamar zine-bonu txartel bete dituen estreinako herritarra. Hau da, 50 film ikusi ditu eta horietatik hamar debalde. Horregatik, zinerako bi sarrera oparitu dizkio Elgoibarko Udalak. Zinearekin jarraituz, "Ocho apellidos vascos" filma apirilaren 4tik aurrera emango dutela aurreratu du Kultura Sailak.

 
 Herriko Antzokira zinea ikustera joaten diren ikusle fidelenak saritu, eta deskontuen bidez ikusle berriak erakartzeko helburuarekin, Elgoibarko Udaleko Kultura Sailak Zine-bonua jarri zuen indarrean 2013ko urtarrilaren 7an. Bost pelikula ikusteko aukera eskaintzen du bonu txartel bakoitzak, lau sarreraren prezioan. Gainera, bonuak erabiliz 40 filma ikusten dituenak, hau da, hamar txartel betetzen dituenak, bi filma gehiago debalde ikusteko aukera du. Kultura Sailak jakinarazi duenez, 461 lagunek atera dute orain arte Zine-bonua eta Iñaki Retolaza izan da horien artean 50 filma ikustera ailegatu den estreinako herritarra. Hortaz, Herriko Antzokiko zine emanaldiekiko {zine komertziala zein Ongarri zine klubarena} erakutsi duen fideltasuna saritu dio Udalak. Hala, Herriko Antzokian ikusiko dituen 52 filmetatik dozena bat debalde aterako zaizkio.
Ikuskizun eszenikoetarako bonuak
 Kultura Sailak ikuskizun eszenikoetarako bonuak ere eskaintzen ditu, 2013ko artxotik hona, eta 192 lagunek atera dute orain arte. Era berean, umeentzako ikuskizun eszenikoetara laguntzaile modura joaten direnentzat bonua izan da atera duten azkena, eta hamabi tramitatu dituzte dagoeneko. Bonu hauek ez dutela iraungitze datarik nabarmendu dute Kultura Sailetik. Bonuen inguruan jakin beharrekoak.

“Ocho apellidos vascos”, apirilaren 4tik 8ra Herriko Antzokian

1706636892986 Iñaki Retolaza izan da hamar zine-bonu txartel bete dituen lehenengoa

Duela bi aste estreinatu zuten “Ocho apellidos vascos” filma, eta ordutik hona ikusmin handia eta eromena sortu du han eta hemengo zine aretoetan. Izan duen arrakasta ikusita, kopia bat lortu duela jakinarazi du Kultura Sailak eta aurreikusita zutena baino lehenago emango dute Herriko Antzokian, apirilaren 4tik 8ra, hain zuzen ere. Guztira zazpi emanaldi eskainiko dituzte.

Lotura duten albisteak: