Pastelgintza artisaua sustatzeko modurik gozoena

elgoibarren.net 2014ko mar. 31a, 13:06

Gozozaleen paradisua izan zen Kalegoen plaza joan den zapatuan. Dozenaka lagunek dastatu zuten Pastelak taldekoek eginiko bizkotxo tarta erraldoia eta harekin batera banatu zuten txokolate beroa. 1.300 razio inguru prestatu zituzten eta plazan batutako lagun guztientzako adina egon zen. (argazkiak eta bideoa dauzka)


 Pastelgintza artisaua sustatzeko eta aldi berean bezeroei eurekiko duten leialtasuna eskertzeko, hamar bat metro luzeko pastel erraldoi bat osatu zuten Kalegoen plazan, Gipuzkoako zazpi gozogile ezagunek, tartean Elgoibarko Muruamendiaraz gozotegikoek. Gorringo xigortudun bizkotxo tarta erraldoia egiteko lanak amaitu zituzten plazan bertan, jendaurrean, eta 1.300 razio inguru banatu zituzten gero plazara hurbildu ziren herritarrei. Jendetza batu zen arren, inor ez zen tartaren raziorik probatu gabe geratu, eta honenbestez aho zapore onarekin joan ziren plazatik.

 
Bizkotxo tarta erraldoia egiteko 510 arrautza, 24 kilo azukre, hamabi kilo eta erdi irin eta 25 litro esne erabili zituzten gozogileek: Donostiako Geltoki eta Barrenetxe, Tolosako Gorrotxategi, Ordiziko Unanue, Zarauzko Sayalero, Azpeitiko Egaña eta Elgoibarko Muruamendiaraz. Pastelak taldea osatzen dute guztiek, eta helburu batek elkartzen ditu: gozogintza artisaua ezagutarazi eta bultzatu nahiak.
•ARGAZKIAK:
∞Lotura duten albisteak