Mailari eusteko partida erabakigarria jokatuko du Haundik zapatuan Mintxetan

elgoibarren.net 2014ko api. 4a, 08:43

 
Liga Txapelketa amaitzeko sei jardunaldi falta dira, eta Haundik badauka oraindik mailari eusteko aukerarik. Josu Guinea Haundiko entrenatzailearen arabera, hiru partida irabaztea behar dute mailari eusteko. Mintxetan jokatuko dituzten partidak erabakigarriak izango dira, denboraldi guztian ez dute-eta partidarik irabazi kanpoan. Zapatu honetan jokatuko dute "lehen finala" Mintxetan, liderraren (SD Leioa) kontra. Guineak zaleei dei egin die Mintxetan jokatuko dituzten partidetara joateko.



 Liga Txapelketako 32 jardunaldi jokatu ostean, 3. Mailako IV. multzoko sailkapenean 17. postuan dago Haundi, 32 punturekin. Sailkapeneko azken hirugarrena (Oiartzun) lau puntura dute, eta berez, hiru jaitsiko lirateke mailaz, baina aurten lau izango dira seguruenik. "2B Mailatik euskal talde bat jaisten bada, Hirugarren Mailatik euskal talde bat gehiago jaitsi behar da. Eta aurten litekeena da hori gertatzea, beraz, atzetik hasita bosgarren geratu behar dugu", azaldu dio BARRENi Josu Guinea Haundiko entrenatzaileak.
Etxeko hiru norgehiagokak erabakigarriak
  Mailari eustea ez dela erraza izango dio Guineak, baina era berean baikor dago eta salbazioa lortzeko kalkuluak egin ditu: "Sei partida falta dira denboraldia amaitzeko eta hiru irabaztea beharko genuke mailari eusteko". Etxean jokatuko dituzten hiru partidetarako herritarrei dei egin die entrenatzaileak, denen berotasuna beharko dutelakoan. Datorren zapatuan, apirilaren 5ean, jokatuko du Haundik hurrengo partida Mintxetan, SD Leioa taldearen aurka, 17:00etan. Sailkapeneko lehen postuan daude leioarrak, baina Haundik baino premia gutxiago dituzte, 13 puntuko aldea dute-eta bigarren sailkatuarekiko.
  Denboraldi hasiera kaskarra ordaintzen ari da Haundi txapelketaren azken txanpan. "Oso gaizki hasi genuen denboraldia, eta hamargarren jardunaldira arte ez genuen partidarik irabazi. Azken postuan egon ginen, baina poliki-poliki lortu genuen zulotik irtetea, eta orain ondo jokatzen gabiltza", argitu du Guineak.